Algararen errezeta

Nagore Irazustabarrena. ARGIA aldizkarian argitaratua. 2003-02-09

Argazkia: laRuth

Barreterapia entzun eta askok berrikuntzatzat joko du seguruenik. Bada, barrea bera bezain zaharra dela esan liteke. Indian, esaterako, milaka urte dira barre egiteko talde handitan biltzen direla, horrek osasunari egiten dion mesedea dela-eta. Hainbat kulturatan (Ipar Amerikako tribu batzuetan, adibidez) doktore-pailazoen irudia zegoen. Biblian bertan honela dio pasarte batek: «Bihotza pozik denean, bizitza luzeagoa da, pozez beteriko bihotzak botika batek bezala sendatzen baitu». Eta XVI. mendean François Rabelais medikuak, barrea sendagai gisa aholkatzen zien bere pazienteei.

Baina barreterapia «modernoa»k 30 urte besterik ez ditu eta Euskal Herrira duela oso gutxi iritsi zen. Barreterapia eskaintzen duen lehen zentro egonkorra iazko martxoan zabaldu zen Iruñeko Mendillorri auzoan. Dinamic zentroko arduradun Pepa Marianas aktorea da berez. Huelvan jaioa, aspaldi finkatu zen Iruñean eta bertako Trokolo eta Melody Sisters antzerki taldeetako partaide izan zen. Bere lanean umorea lantzen zuenez hasiera batean, bere lanerako aportazio gisara hurbildu zen barreterapiara. Bartzelonako Salud Inteligente zentroan barreterapiako monitoreentzako oinarrizko ikasketak egin zituen lehenik, eta goi mailakoak ondoren. 2000. urteko irailean hasi zen han eta hemen barreterapia tailerrak ematen, lan hau aktore lanarekin tartekatuz. Eta azkenik iaz barreterapiaz gain bestelako jarduera batzuk ere eskaintzen dituen zentroa zabaltzeko ideia gauzatu zuen. «Gai hauetan erreferente bat izan zitekeela pentsatu nuen».

«Egungo gizartean barre egitea erantzukizun ezarekin nahasten da, eta horregatik hainbat egoeratan barre egitea gaizki ikusia dago nolabait», dio Marianasek. «Eta azkenean ohitura galdu dugu. Ohitura hori berreskuratu nahi izanez gero, ikastaro bat eskaintzen dugu guk. Azkenean, gimnasiora joatea bezala da». Hasieran berak pentsatu baino lan sakonagoa omen da barreterapia. Ez da toki batera joan eta pare bat orduz barrez aritzea, besterik gabe. «Helburua bakoitzak barruan daukan barre propio hori azaleratzea da. Azkenean jarrera aldaketa bat da, bizitzarekiko duzun ikuspegia».

Barreterapeutak prestakuntza zehatza jasotzen du Salud Inteligente ikastegiko monitore ikastaroan. Barrearen fisiologia, psikologia, musikoterapia, talde dinamika edo teknika ludikoetan trebatzen dira besteak beste. Goi mailako ikasketetan aldiz, oinarrizko kinesiologia, programazio neurolinguistikoa eta talde espezifikoei zuzenduriko tekniketan sakondu zuen Pepa Marianasek. Bera antzerki mundutik dator, baina ezagutzen dituen barreterapeuta asko psikologoak eta osasun profesionalak direla dio.

Barreterapia ikastaro eta tailerretara hurbiltzen den jendearen perfilaz galdetuta, oso anitza dela dio. Alde batetik talde espezifikoei zuzendutako ikastaroak daude. Une honetan bular minbizia jasan duten emakumeen Sarai elkartearekin ari da lanean. Eta Burlatako zaharren egoitzako zaintzaile talde bat ere berarekin ari da barreterapia kontutan trebatzen. Jubilatuentzako ikastaro bereziak antolatu izan ditu eta tarteka Bilbora joan eta Bilbao Gaua gazteentzako jarduera programan parte hartzen du.

Indibidualki datozenak adin guztietakoak izan ohi dira. 60 urte ingurukoei kosta egiten omen zaie hurbiltzea, baina behin askatuta, primeran pasatzen omen dute. Guraso batzuk seme-alabekin etortzen dira. Sarritan gazteenak (hezkuntzaren inguruko ikasketak egiten dituztenak gehienbat) euren formazioa zabaltzeko asmoz hurbiltzen dira. Baina, gehienak 35-45 urte inguruko adina dutenak izan ohi dira.

Zergatik erabakitzen du norbaitek barreterapia behar duela? «Normalean hona datorrenak ezinegon bat sentitzen du, konturatzen da aspaldi honetan barre gutxi egiten duela, ez dela ondo sentitzen… baina badira kuriositate hutsez hurbiltzen direnak ere».

Umekerietan.

Barreterapia tailerrak oso praktikoak izan ohi dira eta, esaterako, txistea ez da erabiltzen tresna gisa. Hitza ahalik eta gutxien erabiltzen dute eta maila fisiko eta emozionala lantzen dute gehiago. Jokoak dira terapia honen oinarria, Marianasek dioen moduan, «esperimentatzea da kontua. Haurrak ginenean esperimentatuz ikasi genuen. Orain barre egiten ahaztu zaigu eta berrikasi nahi badugu esperimentatzea da onena, horrela gehiago ikasten baita».

Normalean 10-20 pertsonetako taldetan biltzen dira eta ikastaroek 8 orduko iraupena izan ohi dute, bi orduko lau sesiotan banatuta. 60 euroren truke jaso daiteke horrelako ikastaro bat. Baina badaude asteburuko 6 orduko ikastaro trinkoak ere, 50 euro ordainduta hartzen direnak.

Garrantzitsuena praktika bada, hasi gaitezen bada praktikarekin. Zuzenean barrea eragiteko jokoekin hasi beharrean, lotsa galtzeko ariketekin hasten direla esan digu barreterapeutak. «Adibidez, bakoitzak bere burua eskuaz sudurra estaltzen duela aurkeztu behar du. Tontakeria bat da, baina asko laguntzen du».

Ariketa batzuk begiak itxita egin ohi dituzte. Esaterako taldekideak bikoteka jartzen dituzte eta bikote bakoitzari animalia baten izena ematen zaio. Taldekide guztiak gelan nahastu eta animalia horrek egiten duen soinua eginez topatu behar du bakoitzak bere bikotekidea. Bitxilorea deitzen dioten jokoa ere egiten dute: taldekideak lurrean etzaten dira buruz gora, zirkulu bat eginez eta buruak erdialdean bilduz. «Atzera begiratu eta gauza guztiak alderantziz ikuste hutsarekin barrez hasi ohi gara. Askotan horrelako gauza sinple batek, ikuspuntua aldatze hutsak eragin handia izaten du».

Ikastaroak aurrera egin ahala, «barrearen hezurra» bilatzeko ariketekin ere hasten dira. «Berez ez da hezur bat, puntu bat baizik. Bizkarrean dago eta topatuz gero, hura zanpatu eta automatikoki algaraka hasten zara, ekintza erreflexu bat da. Baina, ez du zerikusirik kilimekin».

Izan ere, honezkero bati baino gehiagori burutik pasako zitzaion barreterapiara joatea baino merke eta errazagoa dela kilimak jasotzea. Bada, Dinamic-eko arduradunak ez du horrelakorik gomendatzen. «Jarrera positibo eta konstruktiboak bultzatzen saiatzen gara eta normalean kilimak ez dira atseginak izaten, oso ariketa intrusiboa da».

Barreterapian erabili ohi den beste joko bat bokal ezberdinekin barre egitearena da, kantuko ikastaroetan egin ohi den moduan. Bokal bakoitzak gorputz atal batean gehiago eragiten du. Horrela «a»rekin barre egiteak sabelaldean izango du eragina: genitaletan, hesteetan…; «e»k aldiz saihets aldea eta gibela lantzen ditu; «i» bokalarekin barre eginez gero, eztarria eta bihotza mugitzen dira gehiago; «o»k buruan du eragina eta ez da komeni luzaroan egitea, zorabioak eragin baititzake; eta azkenik «u» bokalak biriketan eta bizkarrean du eragin gehien.

Lehen egunean ohikoa izaten omen da jendea algaraka hastea. «Baina hori urduritasunak eta tentsioak eraginda gertatu ohi da. Askotan bigarren sesioa amaitu eta jendeak esaten dizu: æoso gustura egon naiz, lehen egunean baino barre gutxiago egin dutÆ. Normala da, tentsioak ahaztu eta lasai barre egiten hasi diren seinale». Barreterapian erabiltzen diren teknika gehienak oso sinpleak dira, eta eraginkorrak gainera. Barrea kutsakorra dela kontuan hartzen badugu, ez omen da zaila jendea algara batean hastea. «Azkenean beti lurrean jolasean bukatzen dugu, umeak bezala».

Oraindik bide luzea du egiteko barreterapiak. «Oraindik jende askok ez du serio hartzen» dio Pepa Marianasek. Barnard de Fontanellek esan omen zuen bizitza serio hartzeak ez duela merezi, azken finean, bertatik ez garelako bizirik irtengo. Gainera, orain badakigu serio ez badugu hartzen eta barre egiten badugu, agian, luzaroago eta hobeto biziko garela.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua