“Gure etxean umore onean bizi ginen”

Elkarrizketa BERRIAn argitaratuta 2012-09-4an. Testua: Aitziber Laskibar Argazkia: Guregipuzkoa.net

JOSEBA AGIRRE · JOSE ANTONIO AGIRREREN SEMEA

Pertsona gisa zuen zuzentasuna, haren kristautasuna eta etxean zuen umore ona. Hiru ezaugarri horiek azpimarratzen ditu Joseba Agirrek aitari buruz. Dena den, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria aita izatea etxean nola bizi zuten azaltzea kosta egiten zaio Josebari eta labur erantzuten dio Berriak eginiko galderei.

«Jose Antonio Agirre gizon kristaua, zintzoa zen; fede handiko gizona». Hala oroitzen du Joseba Agirrek aita. Haren izaera, berriz, «zuzena, abertzalea, fededuna eta optimista» gisa deskribitzen du. Haren semea izanik ere, Jose Antonio Agirreri buruz mintzatzen da; izen abizenez izendatzen du aita, behin eta berriz. Areago, aita dionean, Aita dio, hizki handiz, lehen lehendakariarekiko duen errespetua agerian utziz.

Urteetan zehar Agirre Zabala sendiak une gogor ugari bizi behar izan bazituen ere, «umorea» azpimarratzen du, Josebak, etxe giroan bizi izandakoari buruz: «Umorea da etxeko oroimen bat. Gure etxean umore onean bizi ginen. Jose Antonio Agirre umore handiko gizona zen; ia bromista, esango nuke».

Izan ere, etxera, familiartera, ahalik eta arazo gutxien eramaten saiatzen zen Jaurlaritzako lehen lehendakaria eta hala saiatzen zen politikagintzaren zurrunbiloa familiako harmoniarekin uztartzen. «Politikagintza bulegoan, eta familiara ahalik eta problema gutxienak ekarri»; horixe izan zen bi munduak ahalik eta bananduen lotzeko sekretua.

Eta formula horrek emaitza onak eman zituela dirudi, aitaren bizitza politiko korapilatsua «ez baitzen arazo izan gure etxeko bizitzan», semearen hitzetan. Izan ere, seme-alabak kontziente ziren aitaren nortasunaz, haren ardura politikoaz eta, beraz, nolabaiteko naturaltasunez —edo heldutasun handiz— zeramaten egoera hori. «Gazte-gaztetik bagenekien Aita lehendakaria zela, eta, hori, bere gauza on eta txar guztiekin onartu behar zela», azaltzen du Josebak, ildo horretan.

Erbestearen gogortasunean ere, unean uneko egoeretara ondo egokitu ziren seme alabak; gurasoek eraman zuten barnean sufrimenduaren zati nagusia: «Gu, haurrak izanik, moldatu egin ginen, lehenengoz Ameriketan, gero Frantzian eta gero Ingalaterran». Aldiz, «Aita eta Amarentzat oso gogorra izan zen», onartzen du.

Hala, etengabeko egoera berrietan ia ohartu gabe, edo, hortan gehiegi pentsatu barik behintzat, egokitu ziren Joseba eta anai-arrebak. «Guk ez genituen gurasoen erabaki haiek ulertu behar. Gazteak ginen eta egin behar genuena, estudiatu eta gure karrerak aurrera ateratzea zen», azaltzen du.

Haren haurtzaro-gaztaroko unerik gogorrenak exilio horretan igarotakoak izango zirela pentsatuta ere, 1960. urtekoa du momenturik okerrentzat: «Une garratzena edo gogorrena Aita hil zenekoa izan zen». Familiarteko unerik gozoena, berriz, 1958. urtean igaro zutela oroitzen du Josebak: «Aita eta Amaren zilarrezko ezteietan igaro genuenekoa. Familia guztia Pau Casals bisitatzera joan ginen».

Gabon egunak ere ez ditu ahazteko Agirre Lehendakariaren semeak: «Gabonetan beti afari on bat egiten genuen. Aitarentzat Gabon Eguna garrantzizkoa zen. Afariaren ondoren, otoitzak, opariak eta umore ona izaten genituen».

Nolanahi ere, Josebak aitari buruz iltzaturik duen irudia politikoa da oso: «Aita diskurtsoak botatzen». Izan ere, «oso hizlari ona zen», azpimarratzen du, azkenik, «Agirre Lehendakaria ezagutzeko haren liburuak irakurri eta bihotz garbi batekin ulertzeko» gonbidapena luzatuz.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua