Ditxosozko krisia

LANBIDE enplegu bulegoa. Aetelehena da, goizeko 10ak. Emakume funtzionarioak ordenagailuaren pantailan begiak jarririk “Hurrengoa!” dei egiten du. Eta ilarako hurrengoa Olentzero da. Funtzionarioaren mahaiaren aurrekaldeko aulkian esertzen da, bere zaku, pipa eta ikatzez zikindutako aurpegiarekin.
– OLENTZERO: Egun on Jainkuak! Paruan apuntatzea nator.
– FUNTZIONARIA (begiratu gabe, ordenadorean idazten jarraitzen du. Ahots mekanikoarekin): Primeran. Izen abizenak esan, eta mesedez pipa itzali, hau kerik gabeko gunea da eta.
– OLENTZERO (pipa itzaltzen du, ez dio graziarik egiten): Ni Olentzero naiz, apelliduik gabe. Denak hola ezautzen naute.
-FUNTZIONARIOA (begiratu gabe, idazten jarraitzen du): Helbidea?
– OLENTZERO: Mendin.
– FUNTZIONARIOA (keinurik egin gabe): Kode postala?
– OLENTZERO: Kode postala? Nik ez dakat holakoik, baina problemik gabe irixten zaizkit kartak, lasai eon.
– FUNTZIONARIOA: Jaiotze-data?
– OLENTZERO: Krixto aurreko ekainaren 23a.
– FUNTZIONARIOA (letxe txarrarekin): Krixto aurretik? Hori ezin det jarri formularioan, programak ez dit aukerarik ematen. Beraz, itxuragatik 1946a jarriko dizut eta kitto. Lan esperientzia?
– OLENTZERO: Ikatza egiten lan egin det bizitza osuan, baina energia berriztagarriyen modakin eta krisiarekin baxoerdi bat hartzeko adina ere ez dakat. Hortik aparte, gabonetan ere ordu extra batzuk egiten dittut, baina horrekin “cuesta de enerua” pasatzeko ere ez dakat. Zenbat garestitu dan bizitza, amatxo maitia!
– FUNTZIONARIOA: Ba al daukazu ikasketa edo aipatu dizkidazun lan horien ziurtagiririk?
– OLENTZERO: Ikasketak?!!¡Jesus, Maria eta Joxe! Ikasketak bizitzak eman dizkidanak dazkat eta ziurtagiri bakarra ere ez, gure garayan behar ez zialako eta holako txorakeri bat eskatuz geo belarrondoko eder bat emango zigutelako. Lan egiteko bi esku, horixe bakarrik bihar zian, ez orain bezala, deneako titulitisa behar dala!
– FUNTZIONARIOA (ordenagiluan jo eta fuego idazten jarraitzen du): Ados… Zeintzuk dira zure ustez dituzun trebetasun profesionalak?
– OLENTZERO: Trebetasunak? Ia ba… Txondorrak egiten habila naiz…, txikiteuan ere ez dit inork irabazten…, haurrekin oso ondo eamatean naiz eta repartidore moduan ez daukat preziyorik! Gau bakar batian kapaza naiz Euskal Herriko etxe guztietara paketiak banatzeko!
– FUNTZIONARIOA: Ez da exageratu behar ere, e? Itxaron pixka bat… badirudi zortea izango duzula. Badago lanpostu bat zure profilera nahikoa ondo egokitzen dena. Joan zaitez helbide honetara bihar eguerdian.
Olentzero hurrengo egunean esandako tokira agertzen da eta hantxe ematen diote Telepizzako jantzia eta kaskoa. Hogei bat urteko gazte bat hurbiltzen zaio, pizza batekin.
– TELEPIZZAko GAZTEA (jarrera haundinahiarekin): Olentzero, cuatro quesos bat Prim kalerako. Benga, alde hemendik derrepentean!
– OLENTZERO (hasperen eginez bere kolkorako): Olentzero, zeinek esan behar zian hemen bukatuko huenik, jexux, maria eta joxe! Bukatuko al da noizbait krisi alu hau?
Une horretantxe Santa Claus agertzen da Telepizzako beste moto baten gainean, pizza eta guzti. Olentzerori eskua sorbaldan jartzen dio:
– SANTA CLAUS (etsituta): Olentzero, ba ez kejatu gehiegi, gu baino okerrago daudenak badaude eta. Errege magoek ez dute kleenex saltzaile bezala ere lana aurkitzen Juan Carlos erregea elefanteak ehizatzen harrapatu zituztenetik!! To!

Idoia Torregarai

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua