Pisukidea

Jadanik hilabete da Sugaar etxera iritsi zela. Ez da marka makala arraiak zaintzeko nire esperientzia “Buscando a Nemo” pelikulara mugatzen dela kontuan hartzen badugu. Hasieran, guraso “primerizoen” antzera, ez nekien oso ondo nola zaindu behar nuen. Izan ere, izakitxo honek ere ez zituen ekarri instrukzioak (beno bai, animalia dendakoak esandakoak).

Mesfidantza eta beldurra izan ziren bere begi beltzek kristalezko bere ziegatik transmititu zidatena hasieran. Nahikoa buruko min ere izan nuen/dut ea horrelako izaki biziduna hain toki txikitxoan izateko eskubidea ote dudan nire buruari galdetzen nion/diodan bakoitzean. Baina gizaki ahalguztidunok oso ondo egiten dugun bezala, berarentzat nirekin egotea onena dela sinestarazi naiz.

Beti izan naiz animaliazalea, baina normalean ugaztunekin izan ditut harreman bakarrak (bi hankakoez gain, esan nahi dut). Beno, aitortu dezadan nire harremana batez ere txakur eta katuetara mugatzen dela ia. Esan nahi dut inoiz ez dudala arrairik izan, beharbada txikitan aitak ferietan ez zuelako horrelako trofeorik bota balinarekin, beharbada amak labera sartzeko beldurra ematen zidalako, batek daki patuak zein bide hartzen dituen! Egia esan, beti zozo xamarra iruditu zait espezie hau, eta kanpora ateratzeko mugak zein magalean hartzeko ezintasunak horrelakorik sekula etxera ekartzea baldintzatu dute.

Egunak joan eta egunak etorri, badirudi Sugaar eta biok elkar ulertzen joan garela. Aitortu behar dut etxera iristean egiten dudan lehen gauza berari kasu egitea dela, eta berak, badakienez hurbiltzen zaion mantxa edo munstro handi horrek (nola ikusiko gaituzte?) janaria ematen diola (horretarako badirudi memoria 3 minutukoa baino handiagoa dutela), ba ur gainera inguratzen da, bere eguneroko razioa eskatzera. Jadanik ez da ezkutatzen. Kosta zaio, baina badirudi mantxa handia=janaria binomioa barneratu duela eta hortxe dator abiada bizian, bere buztan gorri dizdiratsuari eraginez. Beste batzuetan, sofan botata nagoenean, bere kristalezko ontzira burua altxa eta begira-begira dudala konturatzen naiz, nik egiten dudan guztia ulertuko balu bezala. Nik hau guztia (gogoratu ahalguztidunak garela, ezagutzen nauelaren eta ondo erortzen natzaionaren) seinaletzat hartzen dut, noski. Pisukideak gara ofizialki.

Gure harremanean tentsio uneak ere badaude, dudarik ez dago; ura aldatu behar diodanean, adibidez. Bere gela zikina dagoela ez du onartzen eta noski, ontzitik ateratzen saiatzen naizenean garbiketa egiteko, Speedy Gonzalezen abiadura hartzen du ontzitik ez ateratzeko protesta moduan. Ondoren, ontzi batetik bestera salabardo txikian dagoenean, Green Peacekoak japoniar balleneroen aurrean egoten diren bezain gogor jartzen zait, oldarkor. Eta zer esan arrairen bat sukaldatzen badut! Zein gizaki mixerablea naizen adierazten dit bere begi txiki tinkoekin. Imajinatu, gero eta haragijaleagoa bihurtzen ari naiz eta!

Beno, hauxe nire bizikidetzaren lehen hilabeteko kronika. Jarraituko nuke gauza gehiago kontatzen, baina joan beharrean nago, La2 katean itsas faunari buruzko dokumentala hasi behar du eta.

In memoriam.

Idoia Torregarai

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua