Ospitalean

Duela hilabete batzuk bat ospitalean egon behar izan nuen, zaindari lanak egiten. Horrelako tokietan orduak luzzzzzzzzze joaten dira (Einstein, hori bai maisua!),  eta hainbat burutazio etorri zitzaizkidan bertako egoeraz  erizainen errelebo eta errelebo artean.

Lehen burutazioa: urgentzietako itxaron-gelak moldatu beharko lituzkete. Hasteko, bi gela desberdin egon beharko lukete: bat urgentzia duenarentzat eta bestea beraiekin doazen famili-lagun-ezagun eta abarrentzat. Izan ere, itxaron gelak Marx anaien kamarotearen itxura gehiago zuen urgentzietako gelarena baino. Era honetan, urgentzia duenak (dela hezurren bat hautsita, dela iltzatzen duen burukomina, dela odoletan datorrena) lasai egongo litzateke gela batean, bake bakean eta bere minean kontzentratuta, besterik gabe. Eta beste gelan gaixoaren laguntzaileak egongo lirateke jokaldia gainontzekoekin komentatzen (ba ez dakit zer daukan, atzo gauen hasi zen…), larritasunak konparatzen, twitterren txioak idazten eta azken batean, taberna giroan, amai-ezinak diruditen urduritasun ordu horiek ahal bezala pasatzen.

Bigarren burutazioa: gelak banatzeko irizpideetan, sexuaz gain beste pare bat gehituko nituzke: gelakideek adin eta eritasun berdintsua izatea. Nahiz eta antolaketarako zailagoa izan (bistan denez), zalantzarik ez dut azkarrago osatuko liratekeela gaixoak; sintomen antzekotasunetik abiatuta, talde-terapia egiteko aukera izango lukete eta askoz errazagoa litzateke gelako telebistan bien gustuko programak ikustea.

Hirugarren burutazioa: Familia eta lagunen bisitak ordu berdinetan izatea, bestela ospitalea baino gehiago Donostiako bulebarra ematen dute gela eta pasilloek egun guztian zehar. Solairuetako itxaron gelak (eta ez gaixoen gelak) erabili beharko lirateke gaixo baten inguruan biltzen diren familia, ezagun eta lagun guztiak tertulian aritzeko; askotan gaixoari kasurik egiten ez diogulako (aspaldi ikusi gabeko senitartekoak topatzen dira, lagun zaharrak… eta haiekin gehiago hitz egiten dugulako) eta bestetan gaixoak antzarrak ferratzera bidaliko gintuzkeelako daukan ondoezagatik.

Laugarren burutazioa: Ospitaletako langileen uniformeen koloreen kodearen esanahia gela guztietan egon beharko luke.  Izan ere, azkenean ez dakizu antibiotikoa erizain bati, medikuari edota garbitzaileari eskatzen diozun…

Beste egun batean Ama-Haurren ospitaleko abenturak.

Idoia Torregarai

@barretartia

Argazkia: Irekia

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua