Inoren lurra

Pozez gurutzatu nuen Loiuko aireportuko irteerako atea, hegaldiko azken ordu laurdena turbulentzien menpe egon ondoren. Bestekaldean nituen lagunak zain, kamaraderia zintzoak (eta nire lo aurpegiak) eskatzen duen irribarre zabalarekin. Bigarren aldiz etxean nengoen.

Aireportuekin dudan erlazioa berezia dela iruditzen zait. Bertara iristean normalean ilargian egongo banintz bezala sentitzen naiz; ez guztiz despistatzen naizelako (batzuetan gertatzen zait, ezin ukatu), baizik eta “inoren lurrean” egotea bezalakoa delako.

Batetik, aireportuak ez du herritartasunik; guztiok gara atzerritarrak bertan; guztiok erakutsi behar izaten dugu identifikatzen gaituen dokumenturen bat. Horrek jadanik beste herri batean zaudenaren sentsazioa ematen dit, nahiz eta Loiun egon.

Bestetik, aireportu batean inon baino hizkuntza, kultura eta arraza desberdin gehiago biltzen dira. Ez dut esan nahi, demagun, San Ferminetan kanpotar piloa ez dagoenik, baina aireportu batean Australiarrez gain, beste tokietako pertsonak inon baino gehiago kontzentratzen dira. Lurraz haratago dagoen pasoko estazio baten itxura hartzen du horrela.

Azkenik, aireportuen itxura ere mundu honetakoa ez dela ematen du. Lehenengo, NASAko instalazioetan baino pantaila gehiagoren artean zure hegaldia topatu behar duzu (Y9BA7H bezalako izenek ere ez dute asko laguntzen). Eta behin hartu behar duzun bidea jakinda, gutxienez GPSa behar duzu hainbeste korridore, pasillo eta ateren artean zurea topatzeko.

Horregatik, Loiuko aireportuko irteerako atea gurutzatu ondoren, bigarren aldiz sentitu nintzen etxean.

PD. Ohar hauek ez dute baliorik Hondarribiko aireportuan, Playmovilentzat eginikoa baita.

Idoia Torregarai

@barretartia

 

Argazkia: kurtxio

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua