DBH

Prest negoen atzo gaueko 22:15etan DBH saio berria ikusteko. Haurrak oheratuta, sukaldea jasota,  irrikiz eseri nintzen sofan aurretiaz itxura benetan ona duen umorezko mini-sailaz gozatzeko. A zer nolako desilusioa saskibaloiarekin topo egin nuenean, eta oraindik hirugarren laurdenean! Tinko eutsi nion hurrengo minutuei telebistaren aurrean, logureari aurre eginez __titiko haurrak ditugunok badakigu urrezkoak direla gaueko ordu horiek__, benetan pena mereziko zuenaren esperantzaz. Eta hortxe, begiak itxi beharrean nituela eta saioa hastear zegoenean, UNE HORRETANTXE BERTAN, txikiaren negarra entzun nuen (Murphy, hi bai maisua!). Eta akabo DBH neretzat; malko, muki eta beste zenbait likidoren zurrunbilloan galdu nintzen.

Gaur goizean www.eitb.com -eko Nahieran sartu naiz saioa ikusi ahal izateko, baina oraindik ez dutenez igo, web gunean bertan kargatu dituzten promoekin konformatu behar izan dut post hau idazteko. Eta benetan dibertigarria iruditu zait. Bestetik, twitter-en ere hainbat txio ikusi ditut, guztiak ere oso kritika onekin. Gogo gehiagorekin geratu naiz.

Egia esan, gidoilari horiekin (@MikelPagadi, Angel Aldarondo @tipitto eta Egoitz Lasa @lasaegoitz) eta aktore hauekin (Ramon Agirre, Elena Irureta, Mikel Martinez, Joseba Apaolaza, Sara Cozar, Asier Sota, Nagore Orbeltzu eta Xabier San Sebastian… Nagore Aranburuk zuzenduta), ez nuen gutxiago espero. Pozten naiz.

Ea atzokoa laster igotzen duten we gunera; bestela, igandera arte itxaron beharko dut.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua