Txarrikurioso

4044404172_e3c411102e_zHalantxe esan zidan amak lehengoan, etxean bisitan zegoela alfonbraren gainera bota zituen lau papurren aipua eginda. Eta bai, lau papurtxo ziren, etxeko bazterretan kolonia prosperoetan finkatutako hauts aleen aldean hutsaren hurrengoaren ondorengoa.

Hipokrisia mortala papurrekiko ardura hori hautsarekiko itsukeriaren ondoan. Eta garbitasunaren hipokritentzat berba bat dago haren hiztegian: “txarrikurioso”, eta berba horixe disparatu dio garbitasunaren hipokrita honi.

Bete-betean jo du tiroak, eta zauriaren minaz trapu eta plumeroaren botika hartzea izango litzateke etikoena, baina etikoa une espezialetarako da, eta txarrikurioso perfektua -txarrikurioso linguista alegia- txarrikurioso terminoari hautsak kentzen hasiko da mahai-apaletako kolonietan Godzilla baten modura sartu gabe.

Bai jauna, kuriosoa txarrikurioso hori.

Gazteleraz ari den gaztelaniadun elebakar gaztelar baten ahotik etorri da berba, baina “hitz hori euskaratik dator” harrotxo sententziatuko lukete euskaralari askok, profesional nahiz diletante. “Txarri”, euskara izatea bete-betean eta duda barik betetzen duten gauzen kaxoian sartzen den hitza da. “Kurioso” euskara dela esatera gutxi ausartuko lirateke, ausartzen diren horien artean Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua osatu dutenak daude hala ere. Bai, etorri euskaratik datorrela ematen du.

“Txarrikurioso” Bilbon, gaztelaniazko diskurtso baten erdian agertzen den terminoa da ordea, baina euskararen hiztegi kanonikoetan ez da agertzen, erdarazkoetan ere ez, hitz-zerrenda galduren batean ez bada. Eta horren moduko gauza asko agertzen dira euskarazko nahiz gaztelaniazko diskurtsoetan, gehienak ez baten ez bestearen kanonetan: “Txarrikurioso”, “dime, txiki”, “purrusalda para cenar”, “agur amante”, “medio kilo de gi(h)arra”, “ando larri” lehen… “el zulo”, “el txoko”, “los aitas y los aitites” gerotxoago… “la andereño”, “los ariketas”, “el azterketa” hurrengo fase batean… “de gaupasa”, “las jaias”, “una sagardo”, “mercenarios kanpora”… “daukazu un morro”, “nora zoaz con ese careto?”, “baina zu de que vas?”… azkenengoetan.

Eta hori guztia zer da? Euskara ala erdara? Denetarikoak entzun daitezke, baina segurutik diskurtso askotan “… ez da garbia” estiloko zerbait botako da. Hau da, bazter batean hautsa kentzea ahazten zaigunean bezala, hizkuntza kontuetan ere txarrikuriosoak izaten gara sarri. Alfonbra azpikoak direla batean, armairu gaineko hautsak bestean, sukaldeko koipeak hurrengoan, kristalen distira bestean, kurioso izan nahi eta txarritik zerbait beti.

Eta txarra da hori? Ez dakit ba. Igual hizkuntza kontuetan zailada beti-beti kurioso-kuriosoa izatea, eta horrekin tematzea komeni ere ez akaso, bestela alfonbra oinak gainean jarri eta goxo sentitzeko asmakizuna dela pentsatu beharrean, xurgagailua haren gainetik pasatzeko objektua baino ez dela sinestera ailegatu daiteke, ez litzateke lehenengo kasua izango gainera.

Tira ba, sofan etzan eta  oinak alfonbra gainean goxo-goxo jarriko ditut, eta ez ditut altxatuko papurrak kentzeko xurgagailua hartu, entxufatu eta pasatzeko, ez, orain behintzat ez…. gero… akaso… igual.. bueno… Ikusiko dugu, total, ez dira hainbeste… Jo! Ketxarrikesoi!

Benito Fiz

http://karrajua.org

@bontxi

Argazkia: Jon Olav

Jarraitu eta partekatu:

Esta entrada tiene 0 comentarios

  1. Epa, Benito
    “Txarrikotxinoa” ere esaten da, beste zentzu batean, jakina, baina hitzaren egitura antzekoa da

Deja un comentario

Itxi menua