Atzetik joatea sobera

Aritz GalarragaBERRIAn 2013-01-04

www.berria.info/blogak/ekografiak/

1008420_ETB_Esatea Be_1_foto610x342Euskalduna eta umorea bi kontzeptu bateraezin direla pentsatuko du askok eta askok, ezin direla elkartu, ez bata bestearen ondoan jarri, euskaldun umoretsua denik eta oximoronik behinena dela aldarrikatzeraino. Eta arrazoirik ez zaio falta hori defendatzen duenari, urrutira gabe dugu horren adibiderik —goizero komuneko ispiluan, adibidez—. Baina, aizue, uste-topiko-klixeak, ez soilik umorerako, hausteko ere badaude, eta hori egiten saiatu ziren neurri batean asteazken gauean ETB1en, Esatea be bakarrizketa saioaren emankizunarekin.

Durangoko Azokaren egunetan Durangon bertan grabatua, monologo saio klasikoa izan zen: Kike Amonarrizek, gidari lanetan, bost gonbidatu aurkeztu zituen monologoekin; eta gonbidatuak aurkeztu ahala bakarrizketa egin zuen bakoitzak, ordena honetan: Yannick Bergara, Galder Perez, Leire Ucha, Urko Aristi, Pantxoa Hirigarai. Eta, zer nahi duzue esatea, uste baino hobeto atera zen esperimentua. Aitortuko dut: ez nuen esperantza handirik, aurreiritzi zaku bat naiz neroni ere. Zer nahi duzue esatea, aritu ziren, nola ez, baina uste baino askoz gutxiago euskararen gainean; ez zen izan, sarri askotan bezala, euskara bera umore gai nagusia, euskalkiak, euskaldunen arteko ezin ulertuak, hizkuntzaren beraren gabeziak, erdaren eragin-korrosioak. Kirrinka egin zidan gauza bakarretakoa izan zen iparraldeko ordezkaria —bat kuota betetzeko— nola aritu zen ipar-hegoen arteko diferentziez. Zertaz bestela. Batek esan dezake Urko Aristi ere aritu zela eguraldi gizon-emakumearen ajeez. Baina, nola esan, nik dakidala iparraldeko izatea ez da oraino ogibide bat, emakumea izatea ez den bezala —eta, zorionez, ez zen emakumeen gaineko umorea egin zuen emakumerik izan—. Esan nahi dudana da asko poztuko nindukeela iparraldeko bat umore egiten ikusteak, eta ez iparraldeko umore.

Hala ere, azken emaitza txukunak ez zidan kendu sentsazio hau: beste behin, hamaikagarrenez, nola esan, berandu ez, oraindik beranduago iritsi izanaren sentsazioa, zera bat modan jarri, modaz pasa eta orduantxe gehituko bagintzaizkio bezala. Ikus dezagun Espainia aldeko telebista: La Sexta katea jarri eta sarri askotan dago bakarrizketa saioa. Derrepentean aldatzen dut nik, akituta, formatua aspertzeraino sartu baitigute. Eta talentua ez zaigu falta, atzetik joatea daukagu soilik sobera.

Argazkia: eitb.com

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua