Anjel Alkain: «Bizitzak ba al du zentzurik barrerik egin gabe ba?»

Iñaki Lasak BERRIAn 2013-01-06

alkainBittori irrati esataria, Aldanondo inspektorea, Patxi mekanikoa, makina bat imitazio… eta, azkenaldian, Maikrux atsoa. Hamaika pertsonaia, hamaika larru, baina gorputz bakarra. Beti irria eta umore ona bidelagun.

IÑAKI LASA

Ez da erraza Anjel Alkainekin (Andoain, Gipuzkoa, 1966) tarte bat aurkitzea. Maikruxen rolean ez badabil, irratian dabil; grabazioa amaitu ondorengo egunak, berriz, mendira joateko baliatu ditu, elkarrizketa hara joan aurretik eginik. Esku pilotako partida baten itxura hartu du: kazetariak, saketik, galdera; aktoreak, bueltan, erantzun bizi-bizia. Eskerrak ez den hura jarri sakean.

Zu zirikatzeko agindu didate, baina ez dakit ez naizen galtzaile gertatuko horrela hasten banaiz…

Hi saiatu hadi… halere, zeinek agindu dik ni zirikatzeko?

Tira, saia gaitezen ba. Diotenez, martxa honetan EITBko txoria zure aurpegiarekin ordezkatuko dute. Hau da hau lan egitea!

Hainbeste errepikapenekin, gehiago lan egiten dugula ematen du. CAFekoek trenak egiten… horiek bai lan egiten dutela gogotik!

Telebistan jo eta su zabiltza azkenaldian ‘Kontuz, atsuak!’ saioarekin, Iñake Irastorzarekin batera. Erraza al da Maikruxen larruan sartzea?

Denok ezagutzen dugu inguruan Maikrux eta Maikarmenen bat… Niri ez zait zaila egiten pertsonaia horretan sartzea.

Lotsagabe hutsak dira Maikrux eta Maikarmen. Baina gizartean ez duzue inspirazio falta edukiko.

Maikarmen eta Maikrux gure izeba, auzokoa, ama izan daitezke. Zahartutakoan lotsa galtzen omen da, eta horregatik dira halakoak gure atsoak.

Ez da erraza izango zure neurriko emakume oinetakoak aurkitzea, ezta?

Jakingo bazenu zenbat diru gastatu dudan apar harrian!

Irratian ere lanean ari zara, gazteleraz, Radio Euskadiko Boulevard saioko Antes de mirar, cruza atalean. Zer moduz moldatzen zara gazteleraz?

Hasieran arraro xamar, baina Aitor Gabilondori segitzeko adina.

Euskal umorea jorratzen duzula esan duzu noiz edo noiz. Oso desberdin egiten zaizu gazteleraz aritzea?

Jakingo banu zer den euskal umorea! Nik nire inguruko gauzekin egiten dut umorea, hori ezagutzen baitut, eta nire inguruan gaztelera ere badago.

Irratia, telebista, antzerkia; bidean hamaika pertsonaia eta imitazio utzita. Ez al zaizu inoiz agortuko sormenaren iturria?

Agortu? Hasi besterik ez naiz egin eta! Oraindik egiteko pertsonaia asko geratzen zaizkit.

Askotan ez da erraza izango etxera iristean txipa aldatzea eta Anjelen rola egiten hastea, ezta?

Anjelen pertsonaia etxean komuna garbitzen, zaborra jaisten, arropa zabaltzen, umeak gobernatzen izaten da. Anjelen pertsonaia da gogorrena zalantzarik gabe.

Komediari loturik ezagutu zaitugu beti. Nekatzen al zaitu grazioso itxura egiteak?

Grazioso itxura ez dakit, baina batzuetan eskerrak eman izan dizkidate triste samar daudenek, nirekin barre egiten dutelako. Hori, niretzat, nire lanaren gauzarik politena da. Hala ere, nahiago dut grazioso deitzea triste baino.

Gutxienez, nabari da gozatu egiten duzula zure lanarekin. Uste al duzu noizbait honetaz guztiaz nekatu eta atseden hartu beharko duzula?

Motel, ez hadi hi triste jarri! Nekatzean segituan konturatuko zarete, lasai. Nire lanarekin aspertzen naizela konturatzean beste zerbaitetan hasiko naiz.

Gaur egun, garesti dago irribarre egitea, berripaperak ireki eta krisi ekonomikoa, hildakoak nonahi. Balio erantsia al du irri egiteak?

Bizitzak ba al du zentzurik barrerik egin gabe ba? Krisi garaia ona izaten da umore egileontzat, jendeak barre egiteko beharra duelako.

Hainbeste imitazio eta adarjotzerekin, hartu al dizute noizbait kargua?

Sekula ez. Gure adarjotzeak oso arinak dira, eta hala izatea nahi dut, imitatuak umorea badu, segituan konturatuko da guk ez dugula min egiteko asmorik.

Eta geratu al zara norbait imitatzeko gogoz?

Oraintxe konturatu naiz zuen zuzendaria, Martxelo Otamendi, ez dudala inoiz imitatu… Hurrena hura orduan!

Oker ez banaiz, uneotan ez zabiltza inongo antzezlanekin. Taula gainera berriro igotzeko gogoz?

Prestatu dugu zerbait aurki herriz herri ibiltzeko; atsoekin, gainera, zer arraio!

Zaldieroa De Rerum Natura zintetan Iñigo Urkullu lehendakaria nola marraztu asmatu ezinik dabil. Ba al duzu gomendiorik harentzat? Hura imitatzeak ere hainbeste buruhauste ekarriko al lizuke?

Gorbatan korapiloa handi xamarra egin diezaiola!

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua