Karmele Jaio: “Batzuetan umoreak laguntzen dizu zenbait gai ukitzen”

karmele_jaio

Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) pasa den urte amaieran argitaratu zuen “Ez naiz ni” (Elkar) ipuin liburua. Liburuko protagonistek zerbait falta dute, zer den ondo ez badakite ere. Bizitzaren erdialdean daude denak, eta horrek eragiten dien ezinegonean beren tokia aurkitu nahi lukete. Pertsonaia batek dioen bezala, zailena ez baita zahartzea, zahartzen hastea baizik. Umore fina nabari da kontakizun hauetan, eta aitzakia hori erabaili dugu elkarrizketa egiteko.

Umore ikutua (ere) dute zure azken liburuko ipuinak. Berez atera zaizkizu edo umore-ikutua izan dezaten saiatu zara?

Istorioek beraiek eraman naute bide horretatik. Batzuetan umoreak laguntzen dizu zenbait gai ukitzen, zenbait gaietara heltzen.

Zer nolako garrantzia du umoreak literaturan?

Umorea, ironia… azken finean literaturako tresnak ere badira. Zenbait gaietara heltzeko modu eraginkor bat da batzuetan. Ironiak zenbait gai ukitzeko beharrezkoa den urruntasuna ematen dizu.

Zer da zailagoa; negar eginarazteko ipuina osatzea ala barre egitekoa?

Negar eginarazteko ipuina osatzea errazagoa dela uste dut, duda barik.

Nork edo zerk eginarazten dizu barre?

Nire seme-alaben zenbait ateraldik. Aurrekoan, adibidez, alabak (bi urte) zerbeza marka baten iragarkia ikusi eta esan zidan: beitu ama, aitaren zumoa!

Zerk galduarazten dizu umorea?

Munduko bazter guztietara zabalduta dagoen injustiziak, eta bereziki nagusikeriak.

Eta barregarri noiz geratu zara?

Askotan… Lotsa ematen dit aitortzea…
Zein miresten duzu bere umoreagatik?

Asko baloratzen dut umorea edozein pertsonatan. Ez ditut maite umorerik gabeko pertsonak.

Negarrez barre edo barrez negar egitekoa zara gehiago?

Barrez askotan egiten dut negar, eta negar modura hasitakoak askotan bukatu ditut barrezka. Ez dago hain alde handia negar eta barrearen artean.

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke?

Ba klasiko bat. Billy Wilderren “Some Like it hot” filmea, bat aipatzearren.

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?

Umore gutxiko norbaiti, ia umore pixka bat kutsatzen zaion.

Zein kantak jartzen zaitu umore onez?

@KarmeleJaio

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua