Sanababetx hori!!

Zoritxarrez, ez dut izan aitonarik ezagutzeko aukera, biak hil baitziren ni jaio orduko. Hala ere, birramona eta birraitona bana ezagutzeko zoriona izan dut. Birraitona hil zenerako haur bat nintzen oraindik, baina birramona gehixeago ezagutu nuen. Hark zuen hark bizitasuna!

Hizkuntza bakarra zekien, euskara, eta bertsotan hitz egiten zuen maiz. Azkarra zen oso errimak aurkitzen, aurkitu ezean asmatu egiten zituen gainera. Garai horietan ohi zen bezala erlijiosoa zen oso, birraitona itsasgizona zen gainera eta bizitza horretakoen sinesmena indartsuagoa zen, itsasora joateak berarekin zekartzan arriskuak eta inkomunikazioa zirela eta lasaiago egoteko modu bat baitzen.

elurraEuskara garbia zeukan, erori berria den elur zuria bezalakoa, inork bortxatu gabea. Paradisuetako hondartza birjinen modukoa. Bazeuzkan beste hizkuntza batzuetako hitzak ahoan, ordea, bere gizonak itsasotik ekarri eta zer esan nahiko zuten jakin gabe erabiltzen zituena.

“Sanababetx” zen horietako bat, edonori deitzen zion horrela, bere hitzik gustukoena zirudien. Haserre zein pozik zegoenean erabiltzen zuen, hitz komodina bezala zen. Era maitekorrean erabili zezakeen, edota modu mehatxagarrian, baita ere. Pozik zein haserre bizian zegoenean.

Egun batean, bere inguruko norbaitek hitz hori hala nola ahoskatzen entzun eta berarengana hurbildu zen aztoraturik, ea hitz horren esanahia bazekien galdezka ahopeka. Ingelerako “son of a bitch”-etik zetorren hark bere erara moldatutako hitza, alajaina.

Bizitza erdi pasatu zuen “aho garbiko” birramona Julik inguruko guztiei aurpegira putakume deitzen. Esan ziotenetik bere azken egunera arte, koitaduak otoi egin eta barkamen eske pasatu zuela oroitzen dut, bere hiztegian ez baitzen “berba itsusirik” sartzen.

@IraitzMadariaga

www.zuzeu.com/blogak/txo

Argazkia: kakakrokodil

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua