Kalakan

Bart arratsean dantza ikuskizun batean izan ginen aspaldiko partez; gustuko dut dantza, oso gustuko, dantza egitea ere bai. Ezin ordea askotan bertaratu, lana dela eta, astia dela eta, despisteak direla eta… Baina bart arratsean izan ginen, muga guztiak gaindituta: informazioa eskuratu eta sarrerak non egongo ziren salgai ikusi, sarrerak erosi, ersitako sarrerak aurkitzeko moduko toki batean gorde eta beti soinan eraman, eguna iritsitakoan gogoratu, gogoratu eta joan, joan eta ilaran jarri (ilara luuuuuuuuze, luuuuuuuuuuuuuuuze, luuuuuzzzeeeeeeaaaaaaaa portzierto) ez desesperatu eta bertan itxaron eta poztu geu baino beranduago norbait etorri delako (honela, badu norbaitek gurea baino txarragoa izango den tokia).

whisperListo! Zabaldu dute atea azkenean!! Sartu, gehiegi pentsatu gabe eseri, tokia hartzea baita orain garrantzitsuena, eta ingurura begiratu: bai, bada jendea, makina bat, bueno, listo, has dadila… Ikuskizunaren urretik, aurrez grabatutako mezua: mugikorra itzaltzeko etab. etab., eta gezurra badirudi ere, mezua amaitu bezain laster, mugikor baten zarata: eneeeee!!!!! Jende guztia barrezka (ez da ba barregarria, desesperantea baizik baina…).

Argiak itzali, musika hasi da eta guztiok erne-erne zer ikusiko ote dugun  eta… ez dira bada atzean ditudan atsoak kalakan hasten!!!!!!!!!!!! KALAKAN!!!!!!!!!!

Kalakalakalakaakalakalakalakalakalakalakalakalakalakalakala. Ez, txutxumutxuka ez. Ez ziren txutxumutxutxutxumutxu ari ez, horrela egiten dugu isil antzean belarrira egiten dugunean, gainerakoak entzutea nahi ez dutenean. Hauek ez, hauek ez ziren horrela ari, KALAKALAKALAKA ari ziren; ez zirudien axola zitzaienik inorrek entzutea, bazirudien irratiren bateko esatari rolean ari zirela, edo “atsuen” hizkeran… kalakan, alegia

EZZZZZZZZ! Dantza isilean ikustekoa da, horretarako egokitutako musika edo soinuak entzunaz, eta ez kalakasoinuaz lagunduta! Behingoagatik baldintza guztiak bete eta dantza emanaldia ikusteko prest egon arteko urrats guztiak arrakastaz lortu eta atso kalakariek izorratu behar zuten emanaldia???????????? Eskerrak, dantzarako egokitutako musika/soinuak ez zien elkar-entzuten uzten eta bertan amaitu ziren kalakak. Eskerrak!!!!!!!!!!!!

Baina ostean, gertakizuna gogora ekarri dudanean, onomatopeien garrantzia/egokitasunaz jabetu naiz. Izan ere, berea atera zait “kalaka”ren egokitasuna adierazi nahi nuen egoera eta asaldapenerako; “txutxumutxua”ren hurbilpen baina ez egokitasun erabatekoa. Nola litzateke ordea beste hizkuntzatan esan beharko banu?

Nola? Esaidazue mesedez, ez baizait ateratzen.

Badakit oilar euskadunek kukurruku egiten dutela; frantsesek kokoriko eta espainolek kikiriki. Badalit larru gorritan dagoena ez dela “piel-roja” edo indioa, bilutsik dagoena dela baizik; badakit ura irakiten dagoenean borborka dagoela, badakit egun hauetan elurra mara-mara ari duela baina ez dakit beste hizkuntzatan nola litzatekeen; badakit astoak arrantza egiten duela eta zaldiak irrintzi; txerriak kurrinka eta txakurrak zaunka; badakit etxeko hanka-gorria ez dela pies-rojosa; ezta aurtengo negu-gorria iraultzailea ditudien “invierno rojo”a.

Hizkuntzaren corpus kulturala omen, sinbolikoa, espirituala… baino nola liteke kulturala izatea ustez kulturala den emankizun batera joan eta hartaz gozatzea eragozten duen kalakak?????

Berriz ere esango dute… “estos vascos están locos”…

Lore Erriondo Korostola

Argazkia: Caza_No_7

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua