Ertzaintza eta erdaltzaintza

barretartia 03Bartzelonako metroaren norabideari begiratu nion hiru segundo  haietan, mutil gazte bat nire atzean ipini zen. Karterarekin ere akordatu ez nintzen, motxilaren barruko poltsaren barruko liburu azpian baitzegoen. Motxilari buelta eman orduko, zabalik zegoela ezin nuen sinistu. Gainera, mugikorra han zegoenez, kartera poltsa barruko zirrikituren batean topatuko nuela uste izan nuen. Badaezpada, Mossoenera joateko esan zidan txartel-saltzaileak.

Salaketa ipintzera joan nintzen. Han nire bazkide-txartel guztiak zerrendatu nituen. NAN txartelak gehien kezkatzen ninduen, buelta hegaldia hartzeko ezinbestekoa zelako. Mossoak lasaitu gura izan ninduan.

– “El CNP está aquí al lado”, “El CNP bla bla bla”, “El CNP…”.

Galdetu behar izan nion:

-“Zer da CNP?”.

-“Los made… Esto… La policía española.”

Nik, ezinbestean, WTF aurpegia ipini nuen. Izututa ote, konfidentzia bat egin zidan:

-“Nosotros somos como la Erchaina.”

Aaaaaa, orain bai. Ertzaintza Erchaina zela konprobatu nuen eguna ondotxo gogoratzen dut. Durangoko Udalak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko martxan ipini zuen programaz Anboton idatzi behar nuen. Salaketa ipintzeko prozedura samurtu zutela esan zuten udal arduradunek. Horixe egiaztatzea nire eginkizuna zen. Ertzain-etxean horren berri emango zidatela pentsatu nuen. Hala ere, Anbototik nentorrela esatean, ertzaina harritu zela iruditu zitzaidan. Dena den, ikaragarri jator egon zen nirekin. Zortzi beltzek eta psikologoak inguratu baninduten ere, lasai egoteko esaten zidan, “nirekin” omen zeudela. Ertzainei erdaraz egitearen garrantzia segituan ulertu nuen! Hortik aurrera, “egun on” ere ez dut euskaraz esaten, badaezpada. Dena den, salaketarena arindu ez zutela egiaztatu nuen: zertarako beharko nituen zortzi beltz, ba?

Mossoekin salaketa ipini eta gero, CNPra joan nintzen. Ziur nago gainerako poliziek baino ez diotela CNP (Cuerpo Nacional de Policía) esaten, oso hitz teknikoa iruditzen zait-eta. Han, NAN txartela ateratzeko hitzordua eskatzerakoan, polizia gazte batek konbertsazioa edo eman nahi izan zidan: “Yo tampoco soy de Barcelona”. Bai, WTF aurpegia nire musura bueltatu zen. Ertzaintzak ere nire WTF aurpegia hori atera zidan eguna gogoratu nuen. Igande eguerdian alkoholemia kontrol batean geratu ninduten. Ordura arte, betaurrekoekin gidatzeak putz egiteko betebeharra uxatzeko ahalmena zuela uste nuen. Ertzaintzaren furgoneta barruan, nire %0,0-ren zain nengoen bitartean, beste kide batek nirekin zegoen ertzainari esan zion: “Geldi ezazu X auto hori, kristoren abiaduran dator-eta!”. Orduantxe, alkoholemiarenak beste isunik ezkuta zezakeela bururatu zitzaidan. Beldurraren beldurraz, “nire” ertzainari galdetu nion: “Baina ni ez ninduzuen abiadurarengatik geratuko, ezta?”, txintxo aurpegiarekin. Horixe WTF aurpegiaren protokoloa baino ez da! “Ez, zuk usain goxoa daukazulako geratu zaitugu. Zer kolonia erabiltzen duzu?”. Nire kolonia gustatu zitzaiola zalantzarik ez daukat, erdaraz egin baitzidan.

Maria Gonzalez Gorosarri

@albistetan

albistetan.blogspot.com

Irudia: eitb.com

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua