Patxi Huarte, Zaldieroa: “Umorea jende guztiak erabiltzen du etengabe, ez dakit zergatik, agian errealitatea aberasteko besterik gabe”

zaldieroaPatxi Huarte Larraburu, “Zaldieroa” (Faltzes, Nafarroa, 1966) komikigile nafarra da. Aktualitatea umore zorrotzarekin marrazten du egunero BERRIA egunkarian, hainbat pertsonaia bidelagun dituela: la pelota vasca, Mitxelena XVI, Gizon Jakintsua, Mieltxo plastilina irakaslea, koinata, The Organizationeko partaideak… Barretartiak elkarrizketa-testa egin dio.

Noiz konturatu zinen umorerako erraztasuna zenuela?
Umorea ingelesen telebista saio batekin deskubritu nuen (“Un hombre en casa”). Hor konturatu nintzen nik ere banituela horrelako egoerak irudikatzeko ahalmena.

Zer garrantzia du umoreak egunerokotasunean?
Jende guztiak erabiltzen du etengabe, ez dakit zergatik, agian errealitatea aberasteko besterik gabe. Erabili genezakeen hizkuntza poetikoa, baina ez da horrela. Umorea aukeratzen dugu, misterio bat da niretzat. Ogia erosten, esaterako, hiru pertsona badaude oso arrunta da umorea agertzea, zergatik?. Nik ez dakit.

Zaila al da aktualitatea komiki-tira bihurtzea?
“Kalitate” piska batekin zaila da. Esan nahi dut: lana da. Ideiak bapatean etortzen dira baina hausnarketa luzeen ondorio dira.

Marrazten dituzun pertsonaietatik, zein duzu gustukoena eta zergatik?
Yoda asko gustatzen zait. Ez da “nire” pertsonaia. Baina nik ekarri dut galaxia urrun batetik Iratiko oihanera eta grazia egiten dit oso ongi moldatu dela ikusteak.

Nork edo zerk eginarazten dizu barre?
Barre-algarak Buenafuenterekin izaten ditut edo Joaquin Reyes ekin…Baina barre kantitateak gehitzen baditugu pentsatzen dut nire neskalagunak irabaziko zuela alde handiz.

Zerk galduarazten dizu umorea?
Nafarroak!! Eguneroko kutre, betiereko, paletoak.

Eta barregarri noiz geratu zara?
Mila bider. Gehiegi hitzegiten dut eta gehiegi hitzegite horrek mila bider utzi nau barregarri.

Zein miresten duzu bere umoreagatik?
Nire ama. 84 urte ditu, familia osoa zaindu du eta umorea ez du galdu. Bazkari guztietan barre egiten dugu.

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke?
Woody Allen en liburuekin hasi nintzen ni, oso gauza onak dituzte. Pelikulak eta telesailetan monty python edo Joaquin Reyes en Muchachada Nui edo La Hora Chanante. Eta gero badago marrazkilari bat Gary Larson, jeniala.

Zein kantak jartzen zaitu umore onez?
Azkenaldi honetan asko entzuten dut Paolo Conteren “una giornata al mare”, eta arropa eskegitzen dudanean eta bazkaria prestatzen abesti horrekin nabil.

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?
Santi Leoneri!!! XD

Jarraitu eta partekatu:

Esta entrada tiene 0 comentarios

Deja un comentario

Itxi menua