Smile, New York

NYAitortu dezadan: New Yorkek, egun batzuetan umorea kentzen edo lapurtzen dizu. Baina aldi berean, barrea, irribarrea, algara, behar-beharrezkoak egiten zaizkit niri hemen bizirauteko (Atlantikoaren alde honetan eta beste aldean, bietan). Baina hau ez da botika orokorra izango: metro zulora eskailera elektriko amaiezin batzuetan behera zoazela, kontrako bidean gora datozenei “muturrezurrera” begiratu ez gero, ene! Afroamerikar hura bezalakoak gutxi: goitik behera eskaileratan zetozenei, banaka-banaka, “egun on, egin irribarre” esaten zien. Bere atzean ni! Irribarre zabal batekin, egoera hartaz gozatzen, noski!

Gainera ez da batere zaila New Yorken irribarre egitea: kalean goazen zoologikoari begiratu besterik ez duzu. Beti dago egoeraren bat, jantziren bat, elkarrizketaren bat, keinuren bat, artistaren bat, detaileren bat, irribarrea lapurtuko dizuna, eta “dedio, hiri hau bakarra da” pentsatu araziko dizuna.
Ederki, konforme. Hori ere batzuetan agortu egiten da. Baina niri, egoera berezietan gertatzen zait hori: edozein lekutara sartzeko ilara batekin topo egiten dudanean esate baterako. Estatu Batuarrak ilara egitearen kulturan hazi dituzte, eta berdin zaie txokolatezko pasteltxo bat erosteko 40 minutu zain egotea. Niri, gosea joan, eta txiza larria etortzen zait denbora horretan.

Zergatik sufritu ezta? Hala ere, noizean behin, ez dago beste erremediorik eta tokatzen zait zain egotea.
Baina tira, New York zoragarria da. Besteak beste mundua hiriaren barruan dagoelako: arrazak, hizkuntzak, koloreak,… hiritik mugitu gabe munduan zehar bidaiatzeko aukera ematen dizu. Mapamundia koloretako txintxetekin ondo betetzeko adina ezagun egiten dituzu. Eta noski, haien umorea ere ezagutzen joaten zara. Baina kontuz! Halako elkarrizketa bat izatea, batzuetan estresagarria izaten da eta: kontuan izan behar duzu inguruan dauzkazunak zein azal kolorea duten, zein erlijiotakoak diren, zein sexu joeratakoak, klase soziala, herrialdea, … puff, zerbait ustez graziosoa dena esatea bururatu eta filtrotik pasatzea ezinezkoa da batzuetan, edo grazia galtzen du!
Eskerrak umore mota berdintsua dugun jendea elkartzen garen zenbait party-etan. Normalean garrantzi handia du zein herrialdetakoak garen bakoitza. Eta konexiorik kuriosoena, euskaldun bezala, japoniarrekin gertatu zait. Grazia egiten die gure umoreak. Konfiantza badago, eta erlaxatzen badira, kostilak botatzen dituzte. Eta aurkitu dut zergatia: izugarri gustatzen zaie gure sakea! Baita niri ere beraiena.
Hiri handi guztiak dira gogorrak. New York ere bai. Baina alde ederrean eramaten da bizimodua umore eta algara pixka batekin!

Gari Udabe Pagola

Argazkia: ionmarkel

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua