Kike Amonarriz: umorerik ez den lekuan, pertsonak eta gizartea zurrundu egiten dira, tenkatu

kikeKike Amonarriz  (Tolosa, 1961 ) euskal filologian lizentziatutako soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezle ezaguna da. Bere bizitza aspaldidanik dago umorea eta hizkuntzari (euskararekin batez ere) kateatuta. Duela hilabete batzuetatik hona “Algara, edo ez gara” blogean“nire bizitzaren ardatz nagusiak diren soziolinguistikaz, umoreaz eta hedabideez jardun nahi dut”. Euskarazko umorearen dekanoa izanik, Barretartia-testa egin diogu.

Noiz konturatu zinen umorerako erraztasuna zenuela? Etxetik dator?
Txikia nintzela, goiz batez, begiko makarrak kendu ezinik esnatu, eskuekin begiak igurtzi eta zabaldutakoan, bat-batean aurpegi xelebre bat ikusi nuen nire aurrean. Ezusteko agerpen harek grazia egin zidan eta barrez hasi nintzen… ispilu aurrean nengoela ohartu nintzen arte! Etxekoen artean, Villatuertako aitona Enrique datorkit burura, beti umoretsu, beti ateraldi xelebreren bat ezpainetan. Lizarrerriko umorea berarekin ekarri zuen gazterik Tolosaldera etorri zenean: ”Que bueno es no hacer nada y luego descansar!” zuen esaldirik gogokoenetako bat… Eta “Para vivir así, mejor no morirse nunca!”. Gure etxean arraroa da gure artean barre egiten ez dugun eguna. Beno, egia esan, norbait haserretzen ez den eguna ere arraroa da!

Zer garrantzia du umoreak hizkuntzan?
Bizitzan daukan garrantzi berbera. Umorea jolasa da, adar jotzea, zirtoa eta hitz jolasa. Hiztun batek ezin badu umorerik landu eta gozatu hizkuntza batean, beste batera joko du. Umorerik ez den lekuan, pertsonak eta gizartea zurrundu egiten dira, tenkatu. Gorroto, Liskar eta Tirania ez dira urrrun ibiliko.

Euskararen erabileraren datuak ikusi ondoren, barre edo negar?
Ez barre eta ez negar. Arrue Ikerketak eman dituen datuen artean bada bat sinestezina iruditu zaidana: EAEko 4. mailako ikasle guztien artean %60k (hirurogei!) gelan ikaskideekin beti edo gehienetan euskaraz egiten du! Ez nuen berehala pentsatuko horra iritsiak ginenik. Datu hau izan da azken urteotan euskararen inguruan jaso dugun berririk pozgarrienetako bat. Baina baditugu beste batzuk hain onak ez direnak. Ikerketa horretan bertan garbi ikusten dugu datu hori asko jaisten dela adinean gora egin ahala edo gelatik atera orduko. Kale-erabileraren azken urteotako datuak txukunak dira (poza) baina azken urteotan apenas mugitu diren (kezka). Kasu honetan, ez barre eta ez negar… Aurrera goazen ziurtasunaren pozarekin eta bidea neketsua eta zaila den kezkarekin eta kontzientziarekin lanean alai (eta ahal denean barrez) jarraitu. Ez dago besterik.

Nork edo zerk eginarazten dizu barre?
Begiak eta belarriak zabalik edukitzea nahikoa da barre egiteko. Umorea, edukia baino gehiago, aldartea da, jarrera.

Zerk galduarazten dizu umorea?
Gure arteko gorroto eta ezinikusiek, pairatzen dugun krisiaren injustiziak, munduan poza eta sufrimendua zein gaizki banatuta dauden ikusteak, eta ingurukoen gaitzek eta heriotzek.

Eta barregarri noiz geratu zara?
Ia egunero. Horretarako, abilidade berezia daukat.. Kalean noala, espaloietan diren koxka guztiak detektatzen ditut. Makina bat estropezu egindakoa naiz…

Zein miresten duzu bere umoreagatik?
Asko. Batez ere, egoerarik zailenetan ere, ezpainetatik irribarrea galtzen ez duten eta umore zentzua mantentzen duten gure inguruko heroi ezezagun horiek.

Negarrez barre edo barrez negar?
Barrez negar gusturago eta gehiagotan. Negar errazekoa naiz, baina gutxitan gertatu zait negarretik barrera pasatzea.

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke?
Euskarazkoetan, “By pass” filmea eta “Gau erdian” edo “Emaztegaiaren semea” antzerkiak. Hirurak trajikomediak. Umore soziolinguistikorako Sechu Senderen ”Made in Galiza” edo Dabid Anauten “Txokotik zabalera” liburuak, Iñaki Segurolaren liburuetako umore gaiztoa ere oso gustukoa dut. DBH “datsegit” eta izparringia.net-ek goiza alaitzen dit. Txiolarien artean, Sabino Arana edo Pagadi bezalakoak jarraituz gero, ez zara aspertuko. Bestalde, umore frantsesa oso gustukoa dut, bai liburuetan eta baita filmetan ere. Batzuk aipatzearren: “Les intouchables/Los intocables”,” Le diner des cons/La cena de los idiotas” edo “Bienvenue chez les Ch’tis/Bienvenidos al norte”. Web-ei dagokienez, “El mundo today” bezalakoak jarraitzen ditut. Aurrekoan “Operan a un vasco con anestesia” albistea irakurri eta barre algaraka egon nintzen ni bakarrik. Telesailak ez ditut asko jarraitzen, baina noizean behin “Aquí no hay quien viva” gustura ikusten dut.

Zein kantak jartzen zaitu umore onez?
Bi klasiko: Gatiburen “Musturrek sartunde”

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=_P4WP5Ws9gc&w=420&h=315]

eta “The Uski’s”en “Horrelako”

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=oozKJ35pZ6k&w=420&h=315]

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?
Edozein pertsona betilun, zuhur, serios, isilkor edo goibeli… Ilaski Serranori esate baterako.

Algara, edo ez gara bloga

@KikeAmonarriz

Argazkia: eitb.com

Jarraitu eta partekatu:

Esta entrada tiene 0 comentarios

Deja un comentario

Itxi menua