Pernan Goñi. Mamufrikiak komikia: mitologia gaurkotu behar dugu

pernanPernan Goñi -ren proiektua da Mamufrikiak. Bilbon bizi eta lan egiten duen marrazkilari freelancea da, besteak beste, komikien fanzineak gustuko dituena. Mamufrikien abenturak izugarri gustatu zaizkigu Barretartian, horregatik, komiki hauei buruz galdetu diogu egileari.

Nolatan sortu zitzaizun Mamufrikiak -en ideia?

Behin Arantzazun nengoela Urbiarako bidean, zerua ilundu egin zen, ekaitza hasi , eta kobazulo batean aterpetu nintzen. Bertan, Andra oso eder bat zegoen, tronu itxurako haitz batean eserita, urrezko koroa bere buruan. Berbetan hasi ginenean, mesedez hika egiteko eskatu zidan. Bularraldea biluzik zeraman eta horrek urduri jarri nindun. Inoiz ikusi nuen emakumerik ederrena zen! Scarlet Johansonen antza zeukan, baina altuagoa, eta ‘euskal-hipiagoa’, ez dakit nola esan… Ba, berbetan hasi eta ideia sortu zen…

Zer dela eta aukeratu duzu/dituzu gai eta pertsonaia hauek?

Marik, hala deitzen zen kobazuloan ezagutu nuen neska, ba, Marik bera mamufriki bat zela eta bere moduko batzuk gelditzen zirela gure artean, gaur egun. Gelditu, diot, zeren bere hitzetan, aspaldi eukaldun guztiak mamufrikiak ziren. Tira, Marik esan zidan berak kontatuko zizkidala istorio hauek… Ufa, oso erakargarria da neska, eta astero astero berarekin elkarrizketa bat izateko plana primerakoa iruditu zotzaidan… Itzulpena: Marirekin ligatzeko aukeratu nuen Mamufrikien gaia…

Nola definituko zenuke erabiltzen duzun umorea?

Komiki hauek, zorionez ala zoritxarez, zaila dira klasifikatzeko, niretako behintzat. Batzutan umorea beltza da, bestetan inozoa, gehienetan absurdoa, inoiz dramatikoak ere badira… Maritxuk kontatzen dizkidan istorioetan oinarrituta daudenez…mamfrk-046-Oihana-2-DEF

Zein da zure pertsonaia kuttunena? Zergatik?
Miren Josune lamia. Nerabe postmoderna internetzalea da. Basoan, bere ingurune ‘naturalean’, beste mamufrikiekin ez da ongi moldatzen, eta hirian ere ez du bere tokia aurkitzen… Deskarriatu bat da, ni neu ere hala sentitzen naiz. Identifikazioa.

Zergatik irakurri beharko luke jendeak Mamufrikiak? Zer topatuko du bertan?
Ongi pasatzeko. Bertan marrazkiak, koloreak eta testutxoak daude. Bide batez, mitologia edo munduari so egiteko beste era bat topatzen badu irakurleak, primeran. Mitologia, badirudi Erdi Aroan asmatu eta apaiz batek jasotako ipuin batzuetara mugatzen dela, euskal mitologiaren ‘corpusa’ hori dela eta kitto. Baina bere garaian ere, orain dela mila urte edo, baten batek, ala batzuek, ipuin pertsonai hauek asmatu, gero beste batek birrasmatu, moldatu, aldatu… Bizirik zeuden. Apaiz batek gero guzti hori enpaketatu eta, ez dakit berak edo beste norbaitzuk, ukiezina bihurtu zuten. Bada, ez. Mitologia gaurkotu behar dugu, situazio berriak asmatu, mass medietako beste pertsonaiekin (zonbiak, banpiroekin) nahastu, lehen Kixmi edo Andra Mariarekin nahasten zituzten bezala.

@Pernan / @LamiaMamufrikia

Mamufrikiak bloga

Idoia Torregarai Martija @barretartia

Jarraitu eta partekatu:

Esta entrada tiene 0 comentarios

  1. By the way: Aipatu beharra dago komiki hauek Gaur-8 kultur astekarian argitaratzen direla Larunbatero. Gaur-8 erosi, irakurri, partekatu!

Deja un comentario

Itxi menua