Bertze herri batean

cambridgeOrain dela urte batzuk, denboraldi labur bat pasatu nuen Cambridgen, hango irakasle batek lagundurik lan egiten. Hala dio, bederen, nire curriculumak, 1997ko irailetik abendura arte Cambridgen izan nintzela, Unibertsitateko irakasle baten zuzendaritzapean ikerketak egiten. Eta egia da eman, hiru hilabete eman nituela bertan, eta baita liburutegian ordu dexente pasa nituela ere, baina burutu nituen ikerketak eta irakurketak ez ziren inork ez zuzenduak, nire senak ez bazen. Izan ere, hango irakaslea (ez dut benetako izena aipatuko, baina dei diezaiogun Peter Smith) behin baizik ez nuen ikusi. Nire bigarren astean-edo nik deitu eta haren lodgings-etara joatera gonbidatu ninduen. Bertan, Unibertsitatean zeukan gelan alegia, hogeita hamar minutu bete genituen gizalegezko hitzak trukatzen. Nik neure proiektua azaletik marrazten saiatu nintzen bitartean, interes handiko aurpegia paratu zuen berak; nik akitutakoan, azalpen batzuk eman zizkidan, nire proiektua oso interesgarria zela, momentu hartan liburu bat bukatzeko zorian zegoela eta horrelako kontuak (orduan ni nintzen interes handiko aurpegia jartzen zuena). Hondarrean, argi samar gelditu zen nik behar izan nezakeen edozein paper sinatzeko prest zegoela (hara joateko ezinbertzekoa zen gutuna egina zidan bezala) eta, batez ere, han kokatzen zela bere laguntzaren muga. Beraz, liburutegiko fondoak kontsultatzen utz ziezadaten eskutitza prestatu zidan eta hori izan zen Peter Smith Cambridge-ko irakaslea ikusi nuen lehenbiziko eta azken aldia.

Horrela hasi zen, hortaz, nire egonaldia Cambridge-n. Aitortu behar dut egunak nahiko agudo pasatu zirela, eta ia-ia konturatu gabe etxera itzultzeko ordua ailegatu zitzaidala. Gure harremana hain motza izanagatik (ordu erdi bat elkarrekin egon izanari “harreman” deitzen ahal bazaio), uste nuen Ingalaterratik alde egin baino lehen deitu beharko niola, agur errateko eta haren laguntza guzia (edo guttia) eskertzeko. Egia erran, neure buruari dagokiona baino gehiago ematen ari natzaio, amaren ideia izan baitzen agur errateko deitze kontu hori. Zeren ni sinetsita nengoen laguntza guzia eskertzeko deitzen banion, ironiaz ari nintzela pentsatuko zuela nahitaez. Dena den, hain seme ona izaki eta gure harremana laburra baina kortesiaz beteriko izan zela kontuan hartuta, hots egin nion. Abenduak 19 edo 20 zituelarik, hauxe zen (gutti goiti-beheiti) gure bigarren elkarrizketa telefonikoa:

Hello?

– Jelou. Kan ai espik guiz mister Esmiz, plis?

– Speaking.

– Jelou, its mi, Santiago, an ai am founin iu tu tel iu dat aim gouin joum tumorrou…

– All right.

– …an ai guontid tu sei guzbai tu iu an tu zank iu for ior jelp in Kanbritx.

– Well, yes, goodbye.

– …

– …

– An ai olso guontid tu guix iu a merri Krismas an a japi niu yiar (berriz ere, nik ez nuen hau erran nahi, baina ama tematu egin zen eta hondarrean nik, nortasun hauskor eta ahulekoa izanik, kasu egin nion honetan ere).

And the same to you.

– …

– …

– …

– Well, then, I may see you again in another country.

– Yes, fain.

– Yes… Goodbye.

– Guzbai.

Ez dakit, bada. Agian pentsatzen zenuten Oxford eta Cambridge bezalako lekuetan gauzatzen diren elkarrizketa guztiak sakon eta mamitsuak zirela eta hortaz, nigandik, giro hartan hiru hilabete murgilduta egon eta gero, gehiago espero izatekoa zela. Bada sentitzen dut baina ez, gure bigarren solasaldi horretatik ez zen deus interesgarririk edo gogoan izateko modukorik atera. Erran nahi baita, ez zen deus interesgarririk atera mundu orokorraz den bezainbatean, bai, ordea, niretako. Zeren, izan ere, berak botatako esaldi bat izan bainuen gogoan hurrengo egunotan, bueltaka, horrekin zer erran nahi izan ote zuen asmatu ezinean, eta oraindik ere aitortu behar dut ez dudala oso garbi hitz haien esanahia.

I may see you again in another country”. “Beharbada bertze herri batean ikusiko zaitut berriz”. Ongi iduritzen zait, ez pentsa, ni berriz ikusteko gogoa adieraztea; baina zergatik “bertze herri batean”?  Zergatik ez Ingalaterran, edo Frantzian, edo bertze leku zehatz batean? Ez nuen ulertzen. Gogoeta luze eta sakonak egin ondoren, honako hipotesi hauek bururatu zitzaizkidan:

1. Nik ez nekien arrazoi misteriotsuren batengatik nirekin haserre zegoen eta argi utzi nahi izan zuen ez ninduela berriz Cambrigde-ra edo oro har Ingalaterrara gonbidatuko. Hortaz, ikustekotan, Ingalaterran ez “bertze herri batean” ikusiko genuke elkar.

2. Bere emaztea brasildarra izanik, Britainia Handia utzi eta Hego Amerikara bizitzera joateko asmoa zuela zen hitz kriptiko haien egiazko mezua. Bizimodu ingelesaz nazkatuta zegoela, ez zuela inoiz eta inolaz ere bueltatu nahi; ondorioz, ni Cambridge-ra itzuliko banintz ere, ezinezkoa litzatekeela elkartzea. Balizko elkartze horrek nahitaez “bertze herri batean” izan beharko luke.

3. Ez nuen behar bezain sakon ezagutu, hau ziurtasun osoz baieztatzeko, baina apika bizitza honetaz gogaituta zegoen; hots, ingeles understatement erabiliz, “bertze herri batean” esamoldearekin, “zeruan” edo “bertze munduan” erran nahi zuen, bere buruan hil nahi zuen alegia. Honek biziki kezkatu ninduen; agian “dount du it, laif is biutiful” oihu egin beharko niokeen. Gero, nire hipotesi hau gehiegizkoa zela pentsatuz lasaitu egin nintzen. Harrezkero ez dut konfirmatu, baina bizirik dirauela uste dut.

4. Agian uste baino hobeki ezagutzen zuen hemengo egoera politika eta, hasieran, “beharbada Espainian ikusiko zaitut berriz” erran nahi zuen, baina gero euskalduna nintzela gogora etorri eta “beharbada Euskal Herrian ikusiko zaitut berriz” esaldira aldatzea bururatu zitzaion; euskalduna bai, baina nafarra ere banintzela ohartuta, baliteke zalantzarik edukitzea azken esaldi honen egokitasunaz eta, azkenean, aukera hauek guztiak hamar segundoan errepasatu eta gero, “bertze herri batean” esaldiari iritzi zion egokien.

5. Ikasle anitz izanik, ez zen oroitzen nor nintzen eta are gutxiago nondik nentorren eta, kortesiaz, bazterrak ez nahastearren, toki zehatz baina oker bat baino, “bertze herri batean” erran nahiago izan zuen.

6. Hondarreko hipotesiak nire auto-estimuan izan zitzakeen ondorio kaltegarriak saihestearren asmatu nuen seigarren azalpen hau: nire ingelesa hain perfektua zen, hain ona nire azentua, ezen ezin izan baitzidan antzeman nongoa nintzen; are gehiago, irlandarra edo eskoziarra ote nintzen duda-mudan zebilen eta horregatik, badaezpada ere, gure hurrengo solasaren tokia (Dublin, Glasgow, Galway, Edinborough?) zehaztugabe uztea aukeratu zuen.

Ezin izan nuen orduan eta ezin nuke gaur ere aukera horietako bat hartu. Harrezkero, gainera, elkarrizketa horren oroimenak deseroso sentiarazi izan nau beti, pieza gehiegi dituen puzzle bat balitz bezala.

 

Santi Leoné

@ororostorm

Odolaren mintzoa bloga

Argazkia: Eric Atkins

Jarraitu eta partekatu:

Esta entrada tiene 0 comentarios

  1. Oso ona, a zer parrak!. Batez ere telefono hutsune horiekin:
    – …

    – …

    – …

    kar kar kar!! (eta zure garai hartako, dasuposat, ingelesaren fonologiaren transkripzioekin)

  2. Reblogged this on Goizekoa and commented:
    Barre algaraka ibili naiz irakurtzean. Benetan merezi du!

Deja un comentario

Itxi menua