Ilaski Serrano: “konturatu naiz jende alaia gustatzen zaidala”

IlaskiIlaski Serrano (Bermeo, 1976), kazetaritzan eta antropologian lizentziatua da. 2006az geroztik Mihiluze telebista-programa aurkezten du Kike Amonarrizekin. Horrez gain, 2011ko irailetik Oilategia irratsaioa aurkezten du Euskadi Irratian, Mikel Pagadizabal eta Jon Iraolarekin batera. Irrifarre beti lagun duenez, elkarrizketa egin nahi izan diogu.

Betidanik izan zara barre errazekoa?
Bai, betidanik. Ume alaia izan naiz, baina azkenaldian jende oso dibertigarriaz inguratuta egoteak ere laguntzen du. Konturatu naiz jende alaia gustatzen zaidala, positiboa eta baikorra. Jende horrek erakartzen nau eta jende horrekin elkartzen naiz azken batean. Barre errazekoa naiz, eta barre zaratatsukoa be bai! Gure herrian esaten den moduan, gangar bat naiz.

Umorea beharrezkoa al duzu egunerokoan?
Ezinbestekoa eta beharrezkoa. Hala ere, umore kontuek eta baikortasun kontuek berezkotik asko daukaten arren, landu behar diren gauza bat ere badirela uste dut. Ahalegindu egin behar gara egoera onekin gozatzen eta egoera ez hain onen alde baikorra ikusten. Eguneroko ariketa bat da eta umoreak horretan asko laguntzen du.

Mihiluzen eta Oilategian zabiltza. Barre egiteaz ez zara aspertzen?
Ez. Kristoren zortea daukadala badakit eta segundo bakoitza bizitzen ahalegintzen naiz.

Nork edo zerk eginarazten dizu barre?
Baditut lagun pare bat nire umorea aldatzeko eta altxatzeko gaitasuna dutenak eta eurengandik oso hurbil egoten saiatzen naiz. Euren artean legoke, adibidez, Pagadi. Grazia handia egiten didan mutila da eta umore onez jartzen nauen laguna. Egunero saiatzen naiz berarengandik beharrezko dosi txikia hartzen. Eta nik, esan dizuet lehen, oso gutxi behar dudala barre gustura egiteko, beraz, edozein momentu, komentario eta egoerarekin egin dezaket barre.

Zerk galduarazten dizu umorea?
Justizia ezak oso letxe txarrean jartzen nau. Merezi ez dutenek gauzak lortzen dituztenean ahaleginik egin gabe, gauzak ez diren eran kontatzen dituztenak, talenturik ez duen jende zozoak, alperrek.. pufff..

Eta barregarri noiz geratu zara?
Askotan, baina ez nabarmen.. Hanka sartzeak guztiok egiten ditugu eta hori ere ahalik eta umore onenarekin eramaten jakin behar da. Ikasten da baita..

Barrez negar edo negarrez barre?
Biak. Ni oso barre errazekoa izateaz gain, oso negar errazekoa naizelako. Edozerekin egiten dut negar: liburu batekin, pelikula batekin, egoera triste batekin… Barrez lehertuta negarrez amaitu izan dut inoiz, eta negarrez barreka egotea gogoratzen dudan momenturik hunkigarriena, agian, Korrikako azken kilometroa korritzen orain bi urte izan zen.

Zein miresten duzu bere umoreagatik?
Umore surrealista duen jendea gustatzen zait. Errepikapenekin umorea egiten duena.

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke?
Ez naiz ni egokiena umorezko liburu, web edo pelikula gomendatzeko, guztiz kontrakoa kontsumitzen dudalako. Gustatzen zaizkit fikziozko dramak, gero bizitza errealeko dramekin asko sufritzen dudalako. Baina fikziozkoekin negar, pentsakor jarri, nik ze suerte daukadan hausnartu.. Ariketa oso ona egiten dut; beraz, nire aisialdian dramoi zalea naiz.

Zein kantak jartzen zaitu umore onez?
Abesti askok jartzen naute umore onez eta indartsu. Erabiltzen dut terapia hori alaitzeko eta kontrakorako be bai. Abesti askok lasaitu eta baretu eta “tristetu” egiten naute eta hori ere askotan behar dut topera joan den egun baten adrenalina guztia jaisteko. Normalean leihoa jaitsita topera abestu dezakedan guztiak oso umore onez jartzen nau!

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?
Elkarrizketa hau inork baino hobeto gai honetan “aditua” den batek erantzungo luke: Kike Amonarrizek!!!

@Barretartia

Argazkia: UEU

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua