Manifesta

manifesta 1Euskal Harria ez da edonolako herria. Urte askotan harri-jasotzaile herria izan da. Gizon indartsu horiek izan dira gure ikur eta ispilu atzerrian, eurei esker ezagutu gaituzte mundu zabalean.

Gaur egun beste bozeramale batzuk ere badauzkagu: sukaldariak. Sukaldean ernetako artista horiek poeten antzeko hizkera ikasi dute eta hor dabiltza hara eta hona pasaportea besapean hartuta. Hori gutxi ez, eta gau eta egun aritzen dira telebistan euren filosofiaren sakontasuna lau haizetara zabaltzen, eta plater azalak saltsa koloretsuz margotzen. Metro erdiko platerak zerbaitekin bete behar…

Beste ordezkari batzuk ez aipatzea bekatu larria izango litzateke: bertsolariak. Arlo askotan trebetasun aparta erakusten dutenez, bake-konferentzietara eta krisialditik irteteko mahai-inguruetara gonbidatu beharko genituzke (edo afarietara beharbada, deialdia ilunkeran egitea jarioaren mesederako izango da eta).
Herri honi bakoitzak nahi duen izena ematen dio: Euskal Herria, Euskal Hiria, País Vasco, Euskadi, Euzkadi, Vacongadas, Vasconia, Obaba.

Zoritxarrez, herrialde edo lurralde honek muga labanak dauzka, hauskorrak, mugikorrak. Alde handia dago agintean politikari bat egotetik beste bat egotera. Pentsa, eguraldia iragartzeko mapa bera ere aldatu egiten dute hauteskundeen ondoren.

Euskaldunok arrasto sakona utzi dugu munduan: Madrileko komunikabideetako esatariek “kale borroka”, “zulo”, “burukide” eta antzeko hitzak ikasi zituzten aspaldi; Vargas Llosak “garua” hitza idatzi zuen liburu batean. Antzeko aipamen asko egin daitezke, baina zerrenda luze bat osatu beharrean, nahiago dut hariari zuzenean lotu.

Antzezlekua aurkeztu ondoren, antzezlanari buruz hitz egingo dizuet.

Ibarretxek bere planaren berri eman zigunean, denok poztu ginen. Galtzontzilo eta kulero berriak jantzi genituen, egoera pozgarriren bat etorriko zelakoan. Baina Iturgaitzek esku-soinua hartu zuenean, akabo gure itxaropen guztiak! Haren musikarekin ezin da bikoterik gozotu eta limurtu. Desafinatzen hasteaz batera, euri-jasa izugarria hasi zen eta oraindik ez du atertu.

Gure mugetatik kanpo ere karteristak jarri dira agintean. Espainiako Gobernuko presidenteak gerriko bana eman digu herritarroi. Bakoitzak erabakitzeko gero gerrikoarekin zer egin: bikotea jipoitu, norberen gerria estutu edo eztarrian lotu. Ez da barregarria.

Krisi-garaian bizi gara. Informatiboetan dena da gabezia: lanik ez, errekorteak… Eta hala eta guztiz, banketxeei jaten ematen ari gara. Langabe eta samindu asko eta asko dago, eta batek daki zenbat jende bizi den etsituta, burua aurrera atera ezinik eta burua jasotzeko kemenik gabe.

Eskuineko espaloitik ibiltzea gogoko dutenek gogaitu egin gintuzten, sozialismoak eta komunismoak porrot egin zutela esanez. Gaur egun horietako inork ez du esaten, ordea, gure sistema ustelduta dagoenik eta hondoa jo duenik.
Arazoak arazo, jaiegunak datozenean jendeari berriro etortzen zaio dantzarako gogoa, eta mozorroak jartzen ditu.

Herritarrek kalean egiten dituzte aldarrikapenak eta salaketak, jai giroan haserrea erakutsiz. Antzoki ireki horretan azaleratzen dituzte kezka sozialak, amets eta amesgaizto nazionalak, eta erlijio kontuak besteak beste.

Mozorro batzuk urtero-urtero ikusten ditugu: sotanak, militarren uniformeak eta abar.

Beste janzkera eta adarjotze batzuk egoera berriek bultzatutakoak izaten dira. Herritar zolienak eta zorrienak beti egoten dira erne, nor zirikatuko. Behin Benedikto XVI.ak trikornioa ipini zuen San Petri plazan. Aurrerantzean “Aitasantua Benemerito XVI.a” (El Mundo) izango zela gogoratu ziguten Goenkalen.

Barrenkalen, berriz, beste ikuskizun bat eskaini ziguten. Hara: Espainiako Gobernuak diru-laguntzak eman zituen umeak ugaritzeko helburuarekin. Hori zela eta, “El Jueves” aldizkarikoek printzea eta printzesa espeziea ugaltzeko ahaleginetan marraztu zituzten portadan. Xelebrekeria hura ez zitzaien barregarria iruditu antza agintariei, Audientzia Nazionalak aldizkari guztiak desagerrarazi zituelako. Liskar hura oinarri hartuta, oinordekoek etengabeko txortaldia egin zuten Barrenkalen. Eta inauterietan nahiz jaietan horrelako hainbat kontu.

manifesta 2Burua etxeko leihotik ateratzea eta jendearen mozorroei erreparatzea biziki gomendatzen dizuet, gizartean zer gertatzen den jakiteko. Elvis ile gangarraz harro aurkituko duzue, eta Marilyn gizonak aztoratu nahian. Hori egia da. Baina konpromiso handiagoa erakusten duten mozorroak ere ikusiko dituzue. Norbaiti eztena sartzeko, lotsarazteko, ideiak adierazteko, kaleaz jabetzeko eta iragana ez ahazteko ere bai batzuetan. Horrelako pertsonaia ugari ikusten dugunean, barruak hankaz gora jartzen dizkiguten horietakoak, gizartearen hesteak ustelduta dauden seinale.

Ikusi MANIFESTA argazki-dokumental osoa.

Testua eta argazkiak: Jesus Mari arruabarrena

www.arruabarrenajm.com

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua