Urko Aristi: lanean saiatzen naiz umoretsu izaten, jendeari zor diodan jarrera dela uste dut

ETB_Bizirik_Urko Aristi_1Urko Aristi (Ibarra, Gipuzkoa, 1977), kazetari eta esataria da, eta egun, ETBko eguraldi-gizona. Eguzkia laster ikusiko ote dugun galdetzeaz gain, barretartia-testa egin diogu.

Umoretsu ikusten zaitugu telebistan. Berezkoa duzu? Sekulan ez naiz grazioso izan. Ez naiz sekulan kuardilako txistosoa izan. Ezta gutxiago ere… zozo xamarra ere banaizela uste dut. Baina lanean ari naizenean bai, saiatzen naiz umoretsu izaten, jendeari zor diodan jarrera dela uste dudalako. Bestela ere bada nahikoa malaletxe bazterretan.

Eguraldi txarrari aurpegi ona jartzen al diozu? Ona ez, bakarra dudalako, eta hura ez oso fina, baina ahal dudan hoberena bai saiatzen naiz jartzen! Baina kontu, eguraldirako txarra adjetiboa erabiltzen baduzu, berehala botako dizut sekulako bronka eguraldia ez dela sekulan ez txar ez on azalduz, beraz, orduan bai gaiztotuko zaidala aurpegia. Txantxak alde batera utzita, egia da beti ahalegintzen naizela jendeari ikustarazten gogoko dugun eguraldi hori egiten ez badu ere ez dela mundua bukatzen, eta diskurtso hori irrifar baten laguntzaz beti izango da eraginkorragoa.

Zer nolako eragina du eguraldiak umorean? Beti pentsatu izan dut bestela ere ozpinduta bizi denak, aitzakiren bat behar izaten duela, eta oso errekurtso erreza dela errua eguraldiari leporatzea.. Eguzkiak energiaz betetzen gaituela? Indarra gure barruan topatu beharra daukagu, eta ez isobaren mapan!

Nork edo zerk eginarazten dizu barre? Nahiko barre zailekoa naiz. Umore saio batek ni barrez jartzeko, oso ona behar du, esaterako. Baina ume txikiren baten irrifarrak bai, harek bihotza ikutu, eta seguraski irrifartxo bat jarriko dit ezpainetan.

Zerk galduarazten dizu umorea? Albistegiak, gehienetan. Nafarroako gobernuaren euskeraren kontrako erasoak, ustelkeriak, indarkeriak.. ezin jarraitu, bestela eguraldi tartea bera baino erantzun luzeagoa geratuko zaidalako.

Eta barregarri noiz geratu zara? Lankideek jarritako alkondara txikiegia izan eta Euskal Herri osoari txilborra erakusten diodan bakoitzean.

Zein miresten duzu bere umoreagatik? Pagadi. Barrez jartzen nauen bakanetakoa da. Adinagatik akaso, erreferente antzeko xamarrak ditugu, eta oso gertukoa egiten zait. Xelebre hutsa da. Eta batez ere tipo azkarra.

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke? Barrerik gehien azkenaldian “Un funeral de muerte” pelikularekin egin dut. DBH gustora ikusten dut. Eta sarean, barretartia ezin galdu!

Zein kantak jartzen zaitu umore onez? Animoz pattal nabilenean Coldplayren “Viva la vida” jartzen dut,. Ez du hutsik egiten!

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=9ldOuVuas1c&w=560&h=315]

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea? Porrotxi. Porrotx lehendakari jarri arteko pakerik ez dut izango.

@uaristi

www.blogseitb.net/eguraldia/

Idoia Torregarai @barretartia

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua