Tontorrean

txindokiAitortu dezadan: mendizale utopikoa naiz ni. Ez Himalaya edo Aconcaguara joateko ametsetan bizi naizelako, ez. Mendia gustatu bai baina joaten ez naizelako baizik. Izugarri gustatzen zait tontorrean sentitzen den askatasun sentipen hori; gauza gutxi daude hobeagoak (bale, batzuk bai). Zer esan esfortzu handiaren ondotik etxetik eramandako ogitartekoaren zaporeaz (momentu horretan Arzaken egongo bazina bezala gozatzen duzu). Eta nola ez, etxeratzean sartzen zaizun neke goxo hori. Gauza haundia da, bai horixe!

Ados. Ba pentsatzen jarri naiz eta badira 5 bat urte (!!!) mendirik egiten ez dudanik. Ama izan nintzenetik, hain juxtu ere. Nere burua zuritzeko esan nezake amatasunak ez didala tarterik utzi maldan gora jartzeko (eta ez nuke gezurrik esango), baina izan nadin zintzoa: nere biriketako ahalmena beti izan da txantxangorri batena. Aldapan gora hasi eta Tapiaren trikitiaren auspoak baino soinu gehiago ateratzen dut. Ez naiz batere elegantea mendian; bestela ere ziurrenik ez, baina mendian… Izerditan ere segituan hasten naiz eta noski, gero hortxe ibiltzen naiz, txamarra kendu, txamarra jantzi. Orain hotz, gero bero. Alegia, termostatoa ere ez daukadala oso ondo. Ibiltzeko postura ere ez dut zuzena izaten; ahaleginaren ahaleginez gero eta gehiago okertzen naiz, Cuasimodoren antza hartuz. Hurrengo egunean, agujetez gain, bizkarreko min ederra izaten dut… Eta gaitzerdi hankan baba edo urraturen bat egiten ez badut! Amak esaten duen moduan, “mantekillazko” hankak dauzkat.

Ikusten duzue, ez naiz mendizale-fina. Ez dut euskaldun-mendizalearen paradigma betetzen. Mendizale utopikoa naiz, onartu dezadan behingoz. Tontorrean ikusiko gara.

Idoia Torregarai Martija @barretartia

Argazkia: ion markel

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua