Calienta, 2013ko ura

JosemariUztailaren 31n hasten da nire uda. Arratsalde aldera. Lanetik irten eta gure etxeko aittonak Ze, Joxemai, barkaziuak? galdetzen didanean. Barkaziuak balira, sikira! Etxeko atea zabaldu eta ez dago barkamenik. Hor dituzu maletak, hasi arropak sartzen esaten dit emazteak. Emazte gor samarra dut, nonbait uda eta ura hitzak nahasten ditu, ze urtero eramaten bainau itsasora, Ummmm ura esaten du, Zein ederra den itsasoa. Baina ez al dago itsaso hurbilagorik? Hamar orduko bidaia egin ostean, heltzen gara Alicantera, Calientara, letrak zertxobait lekuz aldatuz baina benetako esanahiari erreparatuz.

Eta itsasoan zer egongo eta hondartza. Arropak kendu, hau da tripa eta gerri-gurpila hazi zaidana, krema eman eta hantxe egoten naiz, kieto. Negu osoa euritako azpian eman ostean, hona etorri eta eguzkitako azpian, marka da! Ez dakit zer den okerragoa, egia esan. Hondartzako izakirik zuriena naiz. Nazarenoa dirudit esaten diot neure buruari eta beronek ere Nazarenoa ematen dudala erantzuten dit. Kasualitatea izango da baina alboko eguzkitakokoak Lorcako Aste Santuaz hasi dira mintzatzen.

Baina egunak aurrera doaz, eta eguzkiari alergia diodanez, pikorrak atera zaizkit gorputz osoan. Hori ez da ezer, igurtzi krema gehiago esaten dit emazteak. Baina dagoeneko Nazareno gurutziltzatuaren itxura hartu dut. Oraingoan alboko eguzkitakokoak Sevillako Pasioaz hasi dira hitz egiten.

Krema gehiago igurtzi dut nire gorputz, ia gorpu, santuan eta orduan agertu dira nire lagun eltxoak; goiz eta gau, rakataplau, etengabe ziztatzen naute. Calientako Pasioa da nirea. Begira zein xarmanta den kaio hori esan dit emazteak. Begiratu diot eta berak niri ere bai. Ezagutzen ninduela uste dut. Konbentzituta nago eltxo hauek nire odola xurgatu, potolotu, eta kaio bihurtzen direla. Txilio egin dut. Jesus, zaude isilik gizona esan dit andreak. Jesus esatean irribarre maltzurra atera zaio. Iruditzen zait opor ostean Joxemai deitu beharrean Trinitate deituko didatela. Zoaz txiringitora eta edan hain gustuko duzun Mahou horietako bat. Mauka galanta duzu zuk nirekin.

Mahou gehiegi edan dituzu esaten dit hurrengo egunean, alkoholak sikatu egiten du, bigarren kajoian dituzu libratzekoak. Zalantza egin dut Rovi supositorioa? Evacuol klasikoa? Atzenean, Microlax hartu dut, cool-agoa iruditu zait eta. Laranja-ura hartu beharko zenuke eta ez hainbeste txarrikeria! Hara, nik uste estrategia dela garagardo gehiago edan ez ditzadan. Hondartza zain daukagu, tira, han ere egingo duzu eta.

Hondartzan berriro, baina txiringitora joaten ausartu ez. Zerbait igarri dit. Jesus, hori aurpegia! Zer gertatzen zaizu , gizona? Zer gertatuko zait, ba, aspertu egiten naizela. Hori berehala konponduko dugu. Eguerdian txinoetan mahaitxoa erosi eta arratsaldean dominoan jokatuko dugu hondartzan. Dominoan? Bai, gizona; ikusiko duzu zer dibertigarria den, pitodoblea ta… Joan gara txinoetara hondartzako mahaitxoa erostera eta Tak, Tak, ukabilarekin jota, Egur ona, e! adarjoka ni. Tak Tak Egul ona erantzun dit txinoak adarra eta pitodoblea joka. Bazkaldu eta hondartzara joan gara, Zer dugu jokoan ba? Biharko gosaria biontzako nork prestatu esan dit emazteak. Santu santua guztiz santua izan arren, neuk galdu dut, jakina.

Gosaria prestatu behar izan dut, laranja-ura emaztearentzat, eta niretzat… Beno, gaur Evacuol hartuko dut. Eta berriro hondartzara. Y quiero que todo vuelva a empezar zioen Dani Martinek txiringitoko bozgorailuan. Nik ere bai, Dani, pentsatu dut. Itzuliko naiz berriro etxera. Ze, amaitu dira barkazioak? galdetuko dit etxeko aittonak eta nik emazteari Laster urazkena esango diot. Ondo aditu al duzu? uRazkena eta berak, uraren egarri, urtero bezala, Bero arte erantzungo dit, lanera ateratzen naizen bakoitzean. Bero arte.

@josemarilasa

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua