Separatista edo konstituzionalista zara? (Made in Katxonderstan)

Zezen berdeaBaina nola ke posible da? Euskaldunok ez diogu halako eraso bati erantzungo? Ez dut sekula ulertuko euskal jendearen geldikeria.

Seguru oraindik baten batek ez dakiela zeri buruz idazten ari naizen. Zertaz ariko naiz, bada? La Gaceta-Intereconomiak argitaratutako testaz ari naiz: “¿Es usted separatista o constitucionalista?”.

Tamaina bereko erantzun behar duenez, hortxe nire test alternatiboa.

SEPARATISTA EDO KONSTITUZIONALISTA ZARA?
(Made in Katxonderstan)

1) Espainiak Munduko Futbol Txapelketako finala jokatu behar du Holandaren aurka. Nork irabaztea nahi duzu?

A) Espainiak, jakina! Gainera, legezkoa al da Holandakoek egiten dutena? Den-denak atzerritarrak dira!

B) Ni Holandaren aldekoa naiz jaio nintzenetik bertatik. Bide batez, aizue, badakizue non eros dezakedan Holandaren kamiseta bat?

C) Argi daukat: nahiago Espainiak irabaztea. Hartara, kamiseta gorria jantzi eta Espainiaren aldeko zaleekin ibiliko naiz. Gero, eurek esandako tontakeriak Twitterren jarriko ditut, eta ikusiko duzue nola egiten dugun barre!

D) Futbola? Hori zer da, neskatila batzuek igerilekuetan koreografia egitea?

2) Madril berriro ere Joku Olinpiarrik gabe geratuko da.

A) Ez dut ezer ulertzen. Nola eman diete begiak irekita edukitzeko gai ere ez diren horiei?

B) 2020rako Euskal Herria independentea izango da, eta gutxienez 756 domina irabaziko ditugu.

C) Nik oso gustuko nuen Madrileko hautagaitza; batez ere, maskota (“Ane Botila” delako hori).

D) Maskota Doraemon izanda, Son Goku Olinpiarrak Japoniara. Erabat logikoa.

3) Durangoko peajean Guardia Civilaren kontrola ikusi duzu. Zer egingo duzu?

A) Leihatila jaitsi eta adieraziko diet ze harro gauden Guardia Civilek Espainiaren batasunaren alde egindako lanaz.

B) Guardia Civila? Ostia! Español eskuindarraz mozorrotu beharko! Piztu COPE, jantzi jertsea Etxeraten kamisetaren gainetik, eta argi eduki ez goazela Donostiara, San Sebastianera baizik… Ez ahal dute ardi latxaren pegata ikusiko!

C) Autotik jaitsi eta Rodriguez Galindo zer moduz dagoen galdetuko diet, aspalditik gaixorik dago-eta gizajoa.

D) Guardia Civila Durangon? Hori ezinezkoa da. Ertzainak ditugu Euskal Herri osoan, eta Guardia Civilak aspaldi alde egin zuen Euskal Herritik.

4) Zer da zuretzat “Gibraltar”?

A) Espainiarren harrotasunaren ikurra. “Gibraltar” eta “Español!” nire izen-abizenak bezain lotuta daude.

B) Mala hostia galanta sartzen ari zait A jaun/andreari entzunez.

C) Rajoy entzun: Gibraltar euskaldun!

D) Anjel Alkainen saio berriaren izena da?

5) Ikerketa batean ondorioztatu dute jatorri espainiarreko abizenak dituzten pertsonak baztertu egiten dituztela Euskal Herrian (Ikusi albistea Sustatun).

A) Dudarik ez. Martinez batek ez du inoiz jokatuko Realean edo Athleticen, Perez bat ez da inoiz bertsolaria izango, eta Lopez bat lehendakari… Hori are ezinezkoagoa da!

B) Berdin da abizenaren jatorria. Jarri -goitia atzizkia eta kito: Martinezgoitia, Perezgoitia… Batzuetan, -tegi jartzea ere ondo dago: Lope(z)tegi.

C) Bai. Arrazoi du ikerketak. Nire lagun batek abizena aldatu eta orain Itsaso-tinez da. Askoz hobeto bizi da orain.

D) Egia esateko, beti iruditu zaizkit desegokiak -ez amaiera duten abizen horiek. Nahiko ezkorrak iruditzen zaizkit.

6) Zein da zure jakirik gustukoena?

A) Tortilla española. Hori bai, ez dut patata gustuko, eta arrautza jateak kalte egiten dit. Baina española bada, seguru oso ona izango dela.

B) Idiazabalgo gazta. Euskal labeldun produktuak baino hoberik ez dago.

C) Gernikako piperrak mixeraz beteak eta kito! Gora Super Arizko!

D) Barkatu, B jaun/andrea. Indiazabalgo gazta ez da Euskal Herrikoa, Indiako baizik. Horregatik du izen hori: INDIAZABAL.

7) ETB1en estropadak ematen ari dira, eta Antena3n 1 Formula. Zein aukeratuko zenuke?

A) Pateren arteko karreraren edo Fernando Alonsoren beste garaipen baten artean aukeratzea? Galdetzea ere…

B) Estropadak, noski. Ea presoen aldeko zenbat banderola ateratzen diren…

C) Martxa honetan Fernando Alonsok traineruen erdiak erosiko ditu, eta estropadak goizeko lauretan jokatzea erabakiko du.

D) Ez dakit, ba. Igual, nahiago 1 Formula. Estropadekin telebista bustiko zait, eta agian matxuratu egingo zait.

8) Zein da zure bertsolari gogokoena?

A) Bertsolariak? Iruzurgile hutsak! Behin, bertso saioaren aurretik, bertsolari bati galdetu nion zer abestu behar zuen eta esan zidan ez zekiela! Hori izango da saioa ondo prestatzea!

B) Lehen Silveira nuen gustuko, baina orain…

C) Ez da onena izango, baina nik Pablo Potos dut gustuko. Noizbait egingo du bertso on bat.

D) Oso gaizki iruditzen zait bertsolariek euren abizenak propagandarako erabiltzea: Hortxe dabil Iratxe Ibarra maionesa marka ezagun bat iragartzen… Eta Andoni (Marca) Españarena lotsagarria da.

9) Franco esnatu berri da, 31 urteko siesta luzea egin ondoren. Esnatu berritan etxera joan zaizu.

A) Gauzak nola dauden azalduko diot, eta berriro lotan jarriko da, lasai-lasai. Hori bai, esango nioke B jaun/andrea elementu arriskutsua dela demokrazia zaharberritu organikorako.

B) Ipar Euskal Herriko baten batek badu txokorik euskaldun umil bat hartzeko?

C) Aizu, Patxi, abestu al dizute inoiz “Franco, Franco que tiene el culo blanco porque su mujer se lo limpia con Ariel”?

D) Franco? Baina ze Franco? Franco Battiato, Franco Cioccioli, Franko belgikarra…?

10) Esaten dutenez, Katalunia laster izango da independentea.

A) Barçako horiek edozer gauza egiten dute Real Madrilen aurka ez jokatzeko. Beldurtuta daude!

B) Eskerrak azken galdera den! Bide batez, erreklamazioa egin nahi dut, test honetan ere fatxen azpian jarri nautelako.

C) Katalanak independenteak? Seguru Eurovisionera Peret bidaliko dutela, espainiarren botoak lortzeko.

D) Seguru independentzia lortu bezain laster lege bat aterako dutela katalanei buruzko txisteak debekatzeko…

Erantzun gehienetan A aukeratu baduzu…

… ondo ari zara. Laster Imanol Bonbojolea (gaztelaniaz, Manolo “el del Bombo”) erretiratu egingo da, eta zuk aukera handia duzu hura ordezkatzeko.

Erantzun gehienetan B aukeratu baduzu…

… Bildustanen bizi zara. Nolanahi ere, lasai hartu. Ramon Gomez doktoreak erremedio egokia jarriko dizu.

Erantzun gehienetan C aukeratu baduzu…

… bizitzan dena ironia, sarkasmoa eta txantxa dela uste duzu, eta erratuta zaude. Aldian behin lo egin behar da, txantxak egiteko nahiko freskura edukitzeko.

Erantzun gehienetan D aukeratu baduzu…

… Duela aste batzuk, planeta berri bat aurkitu dute, Kepler 78b. Lurretik 700 argi-urtera dago, eta laster jakingo dute biztanle bat ere baduela: zu. Hala ere, ez kezkatu. Laster bidaliko dizugu tipo bat bonbo batekin, zuk ondo pasatzeko.
Egiaz edo gezurraz harago, inkesten hutsalkeria dago.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstan Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto

@martin_kitto

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua