Igerilekuko iltzeak

igeriBarretartian kolaboratu nuen aurreko txandan kirolari edo dantzari buruz aritu nintzen eta bigarren kolaborazio hau ere bide beretik dator. Urte berriarekin hasten omen dira asmo onak, promesa berriak, askotariko helburuak… Baina ikasturte berria ere ez da inoiz atzean geratzen.

Ikasturte honetan ere kirola egitea jarri dut asmo horien artean, airobika utzi eta pistinara joaten hasi behar dudala sartu zait buruan. Ura eta ni ez gara inoiz oso lagun onak izan. Dutxatu egunero dutxatzen naiz, baina amonak erakutsitako esaera barruan iltzaturik dut: “Ura eta sua belaunetik behera”. Horregatik ez gara hain lagunak.

Nire herrian kiroldegia zabaldu zutenean ikasi nuen igeri. Nik 12 urte izango nituen, eta sekula ahaztuko ez zaidan irudia (hau ere iltzaturik) dut buruan. Irudikatu 12 urteko neska moztaka igerileku txikian, hiru-lau urteko ume mukizuekin ikastaroan. Igerilekuko kristalaren beste aldean sekulako guraso taldea, ez euren seme-alabei begira. Ni nor nintzen galdezka baizik. Eskerrak ariketak azkar ikasi nituen eta aste beteren buruan nire adineko igerilari motelekin jarri ninduten. Urte batzuk pasa dira igeri ikasi nuenetik, igeri zerbait esatearren. Uretan alde batetik bestera joaten ikasi nuenetik esatea zuzenagoa izango da. Eta orduko moteltasuna mantentzun dut gaur egun.

Igerian berriz hasi behar nuela erabaki nuenean lehenengo galdera: Ze ordutan egongo da jende gutxi? Igerilekura joan eta urduri jartzen bainaiz pistinako kale guztiak okupaturik badaude. Beraz eroso aritzeko, gutxienez kale batek libre egon behar du bertan pasako dudan denboran. Ez pentsatu neurekoia naizenik, ingurukoen hobebeharrez da. Denak aurreratzen bainaute! Lehenengo aproba goizeko zazpietan egin nuen, baina ez zen ideia ona izan, astelehenetan gasolindegietan baino jende gehiago egoten da igeri. Bigarrena iluntzeko zortzietan egin nuen. Hau ere ez da ordu ona. Igeriketa taldekoak egoten dira entrenatzen. Nik luze bat, beraiek hamar. Denak begira izatearen sentsazioa ez da polita. Baina zein ikusiko dute ibiltzen duten belozidadearekin? Eta abiadurarekin sortzen dituzten uhinek noraezean uzten naute.

Bigarren galdera: Ze kale aukeratuko dut? Erdikoren bat? Eta ezin badut jarraitu zeri eutsiko diot ez urperatzeko? Plastikozko bola txuri urdinei? Onena izkinakoren bat hartzea, pena bi bakarrik daudela… Baina izkinakoak ere ez dira oso egokiak bereziki atzeraka igeri egiterakoan. Paretaren bazterrean zoaz, badaezpada, tarteka ikutuz, sapaiari begira, tentsioan, baina erlaxatzen saiatuz… Ikusi duzu marra horia eta badakizu laister iritsiko zarela beste ertzera, baina bat batean eskaileretako helduleku disdiratsuei ematen diozun bedeinkatuak besoa izorratzen dizu. Duintasunez eutsi nahi egoerari eta errematatzeko buruarekin paretaren kontra!!! Beraz hobe aurrerantza igeri egitea, krol edo igel (nire kasuan zapo) estiloan.

Kale guztiak okupaturik badaude nire buruari egiten diodan galdera. Igerilari guztiak aztertu ondorengoa izaten da. Zein izan daiteke guztietatik ni baino motelagoa? Zeini erakutsi diezaioket “Sirenatxoa” naizela bere ondoan? Behin bakarrik egin dut hautaketa prozesua galdera horrekin. Ustezko biktima aukeratu nuen. Amona bat. Pentsatuz neska gazte bat amona baino gehiago izango zela. Ni bai kottadua!!! Aukeratu nuen amona hark barre ederki egin baitzuen nire kontura. Alde batetik bestera iristerakoan begiratu amona non zegoen eta beti, egindako luze guztietan, beste aldean zegoen zai irribarre maltzur batekin ni noiz igeri hasiko zai. Ni baino azkarrago igeri egiten zuela aurpegiratuz. Hori amorrua!!!

Igerilekuko irudi, egoera eta sentsazio arraro gehiegi ditut iltzaturik buruan. Iltze gehiegi gauza onerako. Baina hala ere egunero joaten naiz. Kloro gustuko urari nahigabeko trago batzuk egin, atzeraka igeri egitean kolpe batzuk hartu eta ahal bada amonak ekidinez.

Mirari Martiarena

@MiraririMirari

Argazkia: http://ow.ly/pRscb

Jarraitu eta partekatu:

Esta entrada tiene 0 comentarios

  1. Aupa Mirari!

    Atzo bertan izan nintzen ni pistinan, ta antzeko kontuak… Uretako airobika eitxen dau talde batek arratsaldeko laurak arte, kale bi hartuta… Ez zan ordu ona. Kaleetan bakarrik ibiltzea gustetan iata neri be bai… Bestela igerixan ibiltzia ez da relajantia. Bestien erritmuak eta norberanak, norbere txipristinak nun ete dauzen, atzeraka igerixan zuzen ibiltzen ikasi ez eta badaezpada hormia ikutzen… Apur bat identifikauta sentidu naz zurekin!!!

    Itzeleko alperra emoteosta, egixa esan, pistinarako erabakixa hartu eta motxila eitxiak. Baina gero batzutan efekto relajantia dauko! Ideia freskuekin eta lijeriau urteten dot! jeje!

    Mosu handi bat, Mirari! Laster arte!!!

Deja un comentario

Itxi menua