Onomatopeiak… euskaraz

Hona hemen azaroaren 29an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

Entzun saioa

Aspaldidanik hona ekarri nahi izan dudan gai bat aipatu nahi dut: ONOMATOPEIAK. Badakizue, soinu bat imitatzen duen hitza edo hitz taldea.

Baina ezagutzen al ditugu euskarazko onomatopeiak? Uste dut ez ditugula behar beste erabiltzen, eta hori dela eta ikastaro trinko bat prestatu dut. Adibidez, nola egiten dugu barre euskaldunok? Izan ere, desberdin barre egiten dugu munduan zehar. Espainolek JAJAJA egiten dute, frantsesek HEHEHEHE, ingelesek HAHAHA, greziarrek XAXAXA… Eta guk? Nola egiten dugu euskaldunok barre? KAR KAR KAR!
Oinarrizko onomatopeiak ere ez ditugu ezagutzen: animalien soinuak, esaterako. Txikitatik ikasi behar dugu euskal animaliek nola egiten duten euskara jatorrean:

  • Behia: MARRU-MARRU
  • Txakurra: ZAUNK-ZAUNK
  • Ardia: BEE/MEEE
  • Oilarra: KUKURRUKU
  • Zerria: KURRIN–KURRIN
  • Astoa: ARRAN-ARRAN
  • Katua: MAU–MAU
  • Txoria: TXIO–TXIO

Jarraitu dezagun ikasgaiarekin, gauza praktikoak ekarri nahi izan ditugu, gure bizitza errazteko. Adibidez, maitemintzen bagara, gure maiteñoari ezin diogu esan gure bihotzak PUM PUM egiten duenik. Ez, maitemindutako bihotz euskaldun batek TAUP-TAUP egiten du.

Bihotzaren atea irekitzeko beraz badakigu ze sonu egiten dugun, baina benetako atea jotzen dugunean, nola adierazten dugu? Ba ziur nago TOK TOK esango duzuela, baino gaizki! Erdaraz ari zarete atea jotzen! Euskara jatorrean atea KAX KAX jotzen da. Kantuak argi esaten du, ba!

Atea en badute entzuten, orduan TXIRRINA jo behar dugu, baina mesedez, ez jo RING RING, baizik TXIRRIN–TXIRRIN!

Ia erabiltzen ez dugun onomatopeia bat. Edaterakoan ezin dugu esan GLU GLU egiten dugula. Hori erdarakada bat da. Ezta umbleble eta horrelako pitokeriarik. Euskaldunok DZANGA-DZANGA esaten dugu, ze arraio!

Baina kontuz, sagardoa kontrako eztarritik joan daiteke eta orduan eztulka hasiko gara eta. Ba ez du balio COF COF egitea, ez andere eta gizonak, eztula euskara batuan egin behar dugu TUJU-TUJU!

Puzkerra ere desberdin botatzen dugu euskaldunok, bai horixe! Españolez PRRRRR, ingelesez POOT eta euskaraz ez, euskaraz TURRUT egiten dugu, askozaz ere musikalagoa, bai horixe!

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua