Gabonetako otorduak

Hona hemen abenduaren 20an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

Entzun saioa (4. minututik aurrera)

Bihar San Tomas egunarekin ofizialki gabonak hasiko dira, eta talo eta txistorra ugari jango ditugu. Izan ere, zer izango lirateke gabonak otordu oparorik gabe?

Gabon-gaueko poteoa egin ondoren iristen gara etxera (hori afaria guk ez badugu prestatu behar), nahiko txispatuta eta ikaragarrizko gosearekin. Horregatik, mahaia zizka-mizkaz beteta ikusten ditugunean, ezin diogu eutsi. Eta zizka-mizken artean, erregina bat:

URDAIAZPIKOA. Berdin du neguan zein udan, berdin du bazkari edo afarietan. Euskaldun etxeetan ezin du urdaiazpikoak hutsik egin. Esango nuke hauxe dela ia etxe guztietan egoten den jakia. Izerdituta, dirdiratsu eta ogi on batekin, ummm!

Beste klasiko bat: OTARRAINXKA edo Langostinoa. Ikusi zer garrantzitsua den, poesia eta guzti egin diotela twitterren:

Kanpotik ederra, barnekoagatik zaitut benetan gustuko #langostinoariOda
• Koraza baten azpian ezkutatzen duzu zure izaera samurra #langostinoariOda
• Bero zaudenean ezin dizkizut eskuak gainetik kendu; erretzen sentitzen dut nire gorputza #langostinoariOda
• Zure azalaren usaia iltzatuta geratu zait #langostinoariOda

Gero badaude: pate ogitxoekin, txaka maionesarekin, kroketa eta Arrain zopa. Azken bi hauek norberaren etxekoak beti onenak.

Plater nagusien artean, berriz, ARRAINA (bisigua, muxarra, xapua, legatza…) edo HARAGIA (azpizuna eta txuleta edo kapoia) eta kasu askotan biak izaten ditugu. Eta etxe gutxi batzuetan pentsatzen dut angulak ere jango dituztela. Noiz izan da angulak jan dituzuen azken aldia? Eta ze prezioetan daude gaur?

Une honetan dagoeneko Almaxa edo Sal de frutasaren bila hasten zara etxetik zehar, baina kontuz, izan ere postreen txanda iristen denerako hortxe zaude berriro, praketako botoi guztiak askatuta edo jantzi dituzun median belaunetaraino jaitsita, toki pixka bat egiteko.

Gabonetako azkenburukoetan nagusia Turroia izango litzateke. Hemen historikoki aurrez aurre aurkitzen diren hiru talde daude: turroi gogor zaleak, dentistarekin hitzarmena egina dutenak; bestetik turroi bigun zaleak, sentikorragoak eta azkenik txokolatezko turroiagatik edozer gauza egingo luketenak.

Gure etxean amak beti erretilua bat ateratzen du horiek guztiekin, eta baita ere plastikoan bildutako mazapan txikiak, eta horiekin batera, mahaspasa eta azukre-almendrak (peladillak). Horiek hurrengo urteko bandejan ere agertzen dira. Uste dut aurten egongo direnak badaramatela bost bat urte!

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua