Gabonetako opari klasikoak

Hona hemen abenduaren 27an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

Entzun saioa (20. minututik aurrera)

Olentzero etorriko zen hainbat etxeetara. Zer oparitu dizue? Eta zer egiten du Olentzerok gainerako egunetan? Hona hemen erantzuna:

#OlentzerorenDiarioa
Egun bat. Aurten ere oihuka aritu naiz ETBn Bilboko “Olentzeroren“ etorrera ikusi dudanean.Baina ze piura da hori? Falta zaidana,Papa Noel marketero horren antza izatea!Edo naizen bezala onartzen nauzue edo bestela bizarzuriri eskatu zuzenean. Akonplejatuak! #OlentzerorenDiarioa

Eta zeintzuk dira Olentzerok noizbait ekarri dizkigun opariak?

PANPINA
Nik ondo gogoan dut 7 urterekin Olentzerori eskatu niola PANPINA erraldoi bat. Hau da, ni bezain altua izango zen panpina. Modan zeuden eta esnatu nintzenean ilusio guztiarekin, panpina handi batekin egin nuen topo, baina ez zen nik nahi nuen bezain handia. Eta triste jarri nintzen. Sofia zuen izena. Baina ez nuen askorik jolastu berarekin.
IKATZA
Nork ez da mehatxatua izan gaizki portatzeagatik ikatza jasoko duela? Eta guraso garenean, nork ez du erabili ere mehatxu hori? Eta gero badago beti familiako kide maitagarri bat jaten den ikatza oparitzen duena.
OPARI TXARTELA
Aurrekoaren ildotik, zer oparitu ez dakigunean egiten dena. Nik esan behar dut opari honek nahiko mala letxean jartzen nauela. Saiatu pixka bat pentsatzen, mekasuen!
ETXETRESNAK
Mesedez, nik hau zuzenean irain bezala hartzen dut. Zertan ari da Olentzero pentsatzen aspiragailu bat oparitzen didanean? Zikina naizela esan nahi dit? Eta tostagailu bat oparitzen badit? Gosaltzen geratzeko asmoa duela?
KOLONIA
Hau ere klasiko bat da gabonetan. Ez dakit ze obsesio daukagun festa garai hauetan ondo usaintzeko, baina Olentzero, erregeak eta Santa Klaus argi dago opari honen aldekoa direla. Hau, zalantzarik gabe, azken orduko opari bat izaten da, edo ez dakit zer oparitu eta hauxe emango dizut dioena. Baina usaina oso garrantzitsua eta pertsonala da!
AUTOLAGUNTZA LIBURUAK
Mesedez, Olentzero, arazoren bat baldin badut, egun magiko hauetan gutxien nahi dudana da zuk gogora araztea eta horrelako liburu bat oparitzea. Horrek oraindik depresio handiago batean murgilduko nau!
FIGURATXOAK
Animaliatxoenak, bukolikoak,... nork ez du bere bizitzan zehar horrelako opari bat jaso? Normalean itsusiak izateaz gain, hautsa pilatzeko balio izaten dute bakarrik! Ez da harritzekoa etxean gutxi irautea, garbitzen ari zarenean istripuz asko puskatzen dira.
BARRUKO ARROPA
Beharrezkoa izango da, baina a zer nolako desilusioa Olentzero edo erregeek horrelakoak ekartzen dizkigutenean. Gainera oinarrizko, basikoak izaten dira, fantasiarik gabekoak. Praktikoak! Eta honekin batera, GALTZERDIAK! Nik aitortu dezadan, galtzerdi-zalea naiz, irudi barregarri eta biziak ditut gustuko, baina gabonetan ekartzen dizkizuenak normalean beltzak, edo zuriak izaten dira. Aspergarriak.
Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua