Zer diote zenbakiek 2018ari buruz?

Hona hemen urtarrilaren 3an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

Entzun saioa (20. minututik aurrera)

Urtea estreinatu berri dugun honetan, hurrengo hilabete hauek nolakoak izango diren jakin nahiko duzue, ezta? Ba lasai egon, CCC ikastaro espresa bat egin ondoren, orain zenbakilogian aditua naiz! Bi dado beharko dituzue zuen etorkizuna jakiteko, bai partxisean edo Ocan erabiltzen dituzuen bezalakoak.

BAT ZENBAKIA
Dadoa bota eta horietako bat lurrera erortzen bada eta bestea bata agertzen bada, hauxe da zure zenbakia. Lidergoaren zenbakia da bata, baita indibidualismoa eta norberekeriarena ere. Guztiaren protagonista izan behar du. 2018an erabili ezazu zure indarra zure proiektuak aurrera ateratzeko, baina egin ahalegin bat zure ingurukoei entzuteko. Gomendioa: utziozu solitarioan jolasteari eta apuntatu mus txapelketa batean!
BI ZENBAKIA
Bi zenbakiak dualtasuna sinbolizatzen du, egoeraren bi aldeak ikusten dituen izaera. Pertsona baketsuak dira, abegikorrak, umilak, lotsatiak eta oso diplomatikoak. 2018an saiatu zure konfort tokitik ateratzen, egin zerbait desberdina, orain arte ez duzuna egin. Gomendioa: telebistako lehiaketa batean parte hartu.
HIRU ZENBAKIA
Hiru zenbakiak zabalkundea adierazten du. Buru argiak dira, sentsibleak, talentu handidunak eta umore zentzu handia izaten dute. Bat-batekoa, xarmagarria eta nartzisista ere badira pertsona hauek. 2018an saiatu gauza materialei hainbeste garrantzia ez ematen. Gomendioa: egin behar duzun hurrengo oparia egin ezazu zure eskuekin.
LAU ZENBAKIA
Lau zenbakiak eraikitzailea izatea adierazten du. Ordena, egonkortasuna eta legea ordezkatzen dute pertsona hauek. Konfiantza ematen duten pertsonak dira, eta oso leialak. 2018an saiatu gauza txikiengatik dramarik ez egiten, eta erru sentimenduari ihes egiten. Gomendioa: barreterapia ikastaro bat egin ezazu!
BOST ZENBAKIA
Bost zenbakiak bizi-grina, askatasuna, abentura eta polemika adierazten ditu. Pertsona oso buru-argiak dira, urduriak eta ez zaie errutina gustatzen. Kuriositate handiko pertsonak izaten dira. 2018an saiatu begirada zure ingurukoetan jartzen, askotan ahaztu egiten zara eta. Gomendioa: binakako txapelketarako hasi entrenatzen.
SEI ZENBAKIA
Zenbaki honek justizia eta ordena adierazten ditu. Oso pertsona goxoak dira eta ingurukoak zaintzen dituzte, askotan beraien burua alde batera utzita. Ez dira protagonistak eta bere bitza betetzen dute. 2018an saiatu ingurukoak hainbeste ez kontrolatzen. Gomendioa: egin ezazu bidaia bat zuk bakarrik!
ZAZPI ZENBAKIA
Segurtasuna eta babesa adierazten du zenbaki honek. Pertsona onak baina zurrunak dira beraien pentsamoldean. 2018an saiatu errutinatik ateratzen, egin ezazu erokeria bat, zugandik esperoko ez zenuen zerbait. Eta barre gehiago egin! Gomendioa: atera zaitez kalera arropa atzekoz aurrera jantzita.
ZORTZI ZENBAKIA
Boterea adierazten du, eta beraz, oso izaera gogorra dute pertsona hauek. Horretaz gain, arrakasta gustatzen zaie. 2018an utzi itzazu gezurrak alde batera, eta hartu behar dituzun erabakiak. Gomendioa: atzeratzen ari zaren proiektu horri ekin.
BEDERATZI ZENBAKIA
Mistizismoa adierazten du zenbaki honek. Oso sentsibleak dira, nobleak eta errukiorrak. 2018an zure buruan gehiago sinesteko eskatuko dizugu. Gomendioa: emaiozu zure buruari kapritxo bat.
HAMAR ZENBAKIA
Osotasuna, zehaztasuna eta maisutasuna adierazten ditu. Perfekzioa. Pertsona indartsuak eta ziurrak dira. 2018an utzi beldurrak alde batera eta bukatu hasi duzun hori. Gomendioa: ordainduta daukagun kiroldegi edo gimnasioko kuotari atera iezaiozu errenta!
HAMAIKA ZENBAKIA
Intuizioarekin lotzen da. Pertsona hauek oso sentsibleak dira eta oso ondo ulertzen dituzte besteen arazoak. Laguntzaile petoak dira. 2018an egin aurre frustrazioari, ez utzi lehenengoan egiten ari zaren hori. Gomendioa: bukatu ezazu behingoz duela 10 urte hasi zenuen puzzlea.
HAMABI ZENBAKIA
Perfekzioarekin lotzen da zenbaki hau. Egiazaleak dira, ez dute egia ezkutatuko. 2018an saiatu zaitez zure hitzen indarra neurtzen, askotan min handia egiten duzu eta. Gomendioa: saiatu batzuetan isilik egoten.
Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua