Waxapa…

Hona hemen urtarrilaren 17an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

Entzun saioa (6:30. minututik aurrera)

Dagoeneko arraroa egiten zaigu waxaparik gabe bizitzea. Nola egiten genuen lehen?Duela urte bete inguru waxapean egin behar ez genituenak aipatu genituen hemen, etagaurkoan (ia) guztiok wasapean egiten ditugun gauza horietaz hitz egingo dut.
 
 
 

Edozer txorakeri aitzakia hartuta TALDEAK SORTZEA. Kintoen hamaiketakoa, pitxirrintxi taldea lagunekin arratsalde pasa egiteko, familiako lagun ezkutua egiteko, eta abar! Ba kontuz ibili, pasa den astean Manuk dagoeneko aipatu zuen albistea: baimenik gabe norbait wasapean sartzeak izugarrizko isuna eduki dezake.
Irudiak, EMOJIAK denetarako erabiltzea. Laburdurak erabiltzen hasi ginen, baina gaur egun (eta hemen aitortu behar dut nik egiten dudala) ia denetarako erabiltzen ditugu emojiak. Begiak itxita dituen tximinoa, behatz lodia gorantz, garagardoarena, flamenkarena eta aurpegiak. Zenbat irrifarre, begi kliskada eta batez ere musutxoak bidaltzen ditugun, amatxo maitea! Musu inflazioa daukagu. Birtualak, hori bai, gero benetakoak hainbeste emango bagenitu... Beno, kontua da, azkenean idazten ere ahaztuko zaigula, dena iruditxoen bidez egiten baitugu!
Pasa den udan gazte talde batek euskal emojien aplikazio bat sortu zuten, Euskalmoji, eta bertan taloak, agurrak, egurre! Bezalako esamoldeak, Olentzero, eguzki-lorea aurkitu ditzakegu. Nik faltan nabaritzen dut ergatiboaren aldeko emotikonoa.
Gero eta DEI GUTXIAGO egiten ditugu waxapa erabiltzeagatik. Duela gutxira arte deituko dizut esaten genuen eta deitu egiten genuen! Orain waxapari lotuta egoten gara, edo bestela ahots bidezko mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri, walkie talkietatik arituko bagina bezala. Batzuei ahaztu egin zaie telefonoa telefono bezala ibiltzen!
KLIK BIKOITZA. Hau, zalantzarik gabe, gizateriaren asmakizun zitalenetakoa da. Bikoteak, koadrilak eta beste hainbat harreman apurtu izan ditu. Klik bikoitzaren aurretik lasai asko bizi zinen zure mezua bidalita, bestaldekoak irakurri zuen edo ez jakin gabe. Baina ai! Klik bikoitza iritsi zen gure bizitzetara eta bihotz taupadak galtzen ditugu mezu bidali eta hartzaileak 5 segundotara ez badigu erantzuten. Zergatik ez dit erantzuten? Haserre dago? Ez du nirekin hitz egin nahi? Ez diot axola?
TXORAKERIA guztiak zure inguruko guztiei bidaltzea. Edukiak zabaltzeko inkontinentzia batean bizi gara. Zerbait jaso bezain azkar gauden talde guztietara bidaltzen dugu: dantza egiten duen txakurra, Paulo Coelhoren esaldi mantra zoragarria, eta nola ez, bere gorputzeko zati nabarmena duen pertsona horren argazkia... Berdin du lehengusuen zerrendara edo ikastolako gurasoena bidaltzea, eta berdin du dagoeneko 10 talde desberdinetatik jaso baldin baduzu ere, kontua da ez etetea, garai batean zorte ona eskuratzeko eskatzen zizkizuten mezu-kate horiek bezala.
Gai baten erdian ZERIKUSIRIK EZ duten gauzak esatea. Hortxe zabiltzate taldean asteburu zoragarri bat prestatzeko data erabakitzen, eta daten artean hortxe sartzen da norbait auzoko erripak ea norbaitek nahi dituen galdetzen. Edo izugarrizko albistea botatzen du eta segituan taldeko norbaitek beste albstetzarra botatzen du, zure 5 minutuko fama lapurtuz. Ba ez, horrela ez!
Zenbat aldiz taldetik ATERATZEKO botoia sakatuko genuke, ezta? Baina ez dugu egiten! Borde bat naizela pentsatuko dute, eta hortxe jarraitzen dugu, irakurri gabeko 145 mezurekin. Horri deitzen zaio talde-presioa, lagun maiteak! Gizaki sozialak gara eta mugak jartzen dizkiogu elkarri.
Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua