Atera kontuak: pelikulak euskal erara

Oso pozik nago, izan ere, aste honetatik aurrera ETBko ATERA KONTUAK saioan kolaboratzen hasiko naiz. Eskerrik asko aukera emateagatik!

Hemen dituzue lehen saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia eta irudiak. Bukaeran bideoa aurkituko duzue.

Euskal zinemagintza modan dago. LOREAK, AMAMA eta orain HANDIAk erakutsi diote munduari dagoeneko guk ondo genekiena: euskaraz ere pelikula ederrak egin daitezkeela. Horregatik, bidea dagoeneko irekita daukagula ikusita, olatu horretan jarraitzeko helburuarekin, arrakasta handia izan duten pelikulen euskarazko moldaketak proposatzera nator, gure berri mundu zabalean izan dezaten.

The dark knigth (El caBallero oscuro/ Le chavalier noir). Euskaraz, Zaldun beltza. Film honek betaurrekodun kantautore oñatiar baten istorioa kontatzen du, gauez gitarra hartu eta superheroi bihurtzen dena bere herria salbatzeko. Bera deitzeko nahikoa da zeruan patilla batzuen irudia jartzea.

The Hobbit. Euskaraz, Lazkao txiki. Euskal Herriko Highlandsetan jaiotako trobalari argiaren abenturak biltzen ditu pelikula honek, hunkimen eta umore ukituekin. Bere tamaina txikiak ez dio gainontzeko izakiei aurre egitea eragozten, eta azkenean bere esku geratuko dira errima magikoak. Txikia bai, baina eskasa ez.

Frozen. Euskaraz, Frexkatu du. Filma 2018ko kokatuko litzateke, aspaldiko negurik hotz eta umelenak Euskal Herriko biztanleengan sortu duen drama epikoa. Ana EITB erreinuko eguraldi erregina da, eta bere laguntzaileak bidaltzen ditu Euskal Herrian zehar toki hotzenetara mundu guztiak bere lurraldearen edertasuna ikus dezan, elurraren atzetik. Erreportari ausart hauek izugarrizko abenturak bizitzen dituzte txoko txuri hauetara iristeko, askotan beraien bizitza jokoan jarri arte.

Titanic. Euskaraz: Txuriko. Hau inoiz filmatu den maitasun istorio ederrena baina baita ere tristeena da. Txuriko Txominen txakurra da. Batera lan egiten dute arrantzan. Batak sarea botatzen du, eta bestea itsasora salto egiten du arraiak harrapatzeko. Bien artean enpresa txikia baina oparoa sortu dute, eta Instagramen ere milaka jarraitzaile dituzte. Herriko jendeak ordea ez du beraien arteko harremana ulertzen, mundu desberdinetakoak direla esaten baitute: batek bi hanka eta besteak lau. Baina beraiek aurrera jarraitzen dute. Itsasoa zakar dagoen egun batean Txominek oreka galdu eta itsasontzitik uretara eroriko da. Txuriko, bi aldiz pentsatu gabe, bere atzetik joan eta salbatu egingo du, eta Txominek txakurra nola hondoratzen den ikusten du, begietatik malkoak erortzen zaizkion bitartean. Soinu banda hunkigarria du benetan.

Star Wars. Euskaraz, Tenpora Wars. Arantzazu izeneko galaxia urrun, urrun batean Pello Zabala izeneko jakintsua bizi da, zeinak zeru eta galaxien sekretuak ezagutzen dituen. Euskalmet gudarosteak botereak kendu nahi dizkio eta bi alderdien arteko guda sortuko da. Andoni Aizpuru– gerraren erdian aurkituko da, eta berari egokituko zaio batzuen isobarak eta besteen tenporak batzea.

IKUSI BIDEOA

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua