Martxoak 8

Bihar martxoak 8 da eta planto egiteko eguna izango da, eta beraz gaur, egunerokoan dauden gauza txiki eta ikusezin horietaz hitz egingo dut, desberdintasunak mantentzen dituztenak.

Galdera: Zein da amorru gehien ematen dizun desberdintasuna?

Arrosa eta urdinaren banaketa. Lehen mundu gerrara arte AEBtan eta orokorrean Europan ere haurrak txuriz janzten ziren. 1918An Earnshaw’s Infants’ Department aldizkariak hauxe argitaratu zuen: “Arau orokor onartua da arrosa mutilentzat da eta urdina neskentzat. Arrosa kolore indartsuagoa kontsideratzen zen eta horregatik mutilentzat eta urdina, delikatuagoa, neskentzat. Bigarren guda mundialetik aurrera dendek alderantziz izango zela erabaki zen eta 80 hamarkadan definitu egiten da gaur egungo ikuspegia. Gainera, neska urdinez janzten bada ez dago inolako arazorik, baina mutil batek arrosaz joatea… hori beste kontu bat da!

Hori gutxi ez eta orain “emakumeentzako” produktuak saltzen hasten dira. Adibidez, ileak mozteko atxurrak. “Emakumezkoentzat” direnak  gizonezkoentzat direnak baino %40 garestiagoak dira! Boligrafo arrosak, eta baita taladro arrosak ere. Noski, askoz ere garestiagoak!

Amaren egunean adibidez supermerkatu handi batzuetan aspiradorak edo plantxak “ama onenarentzat” jartzea. Burua plantxatuko nioke hori jarri duenari!

Beste kontu bat. “Zenbat laguntzen dizun senarrak” esaten dizutenean. Bai noski, umeak amabirjinak bezala izan ditut eta nireak bakarrik dira eta etxeko hipoteka ere bai. Barkatu jaun andre hori, baina niri ez dit laguntzen, bere eginbeharra da!

Zuk azaldu duzuna beraiek atzetik berriro azaltzea, zuk hain ondo esplikatuko ez duzulako uste horregatik. Baina oraintxe esan dut nik eta ederki asko! Zertara dator orain lorito konplexu hori?

Medioetan emakumeek duten presentzia, orohar. Alde batetik, itxura. Ia denak berdnak dira: argalak, eta gure gizarteko edertasun kanonetara doituta. Albistegietan hori oso nabarmena da. Gizonezkoa izan daiteke bekatua baino itsusiagoa, baina ia emakume guztiak edertasun batekoak dira. Bestetik, emakume politakari, kulturgile, eta kirolari bati elkarrizketa egiten diotenean bere bikoteaz, familiaz galdetzen diote, edo bere arropa diseinatzaile gogokoenaz. Eta azkenik espazioa. Orokorrean askoz gutxiago agertzen gara. kirolarekin jarraituz, zenbat denbora/toki eskaintzen zaio emakumeen kirolari?

“Arroza pasa zaizu esaten dizutenean”. Hogeitapiko urtetatik aurrera urtez urte galdera honen presioa gero eta handiagoa izaten da. Gizonezkoei, berriz, txalotu egiten zaie lorez-lore ibiltzea, eta inoiz ez zaie arroza pasatzen. Gizonezkoak formoletan sartuta egongo zarete. Lorez lore dabilen neska bati badakigu nola deitzen zaion. Eta ama izan nahi ez baldin badut? Eta nahiago baldin badut kuskusa arroza baino? Utziko al didazu nahi dudan menua aukeratzen bakean?

Jatetxe batean zuk ordaindu eta diruaren bueltak gizonezkoari ematea. Edo edari gogorrena berarentzat dela aurresuposatzea. Ba ez, nik eskatu dut wixki txupito hori, ekar ezazu hona, eztarria siku daukat eta!

Manspreading. Garraio publikoan eta beste zenbait toki publikoetan hankak zabalduta esertzea, aldamenekoaren tokia hartruz. Gizon batzuk esaten dute hankatartean zerbait dutelako egiten dutela, baina horiei esango nieke Rafa de la Rosa biologoaren txio batzuk irakurtzeko. Berak oso ondo azaltzen du, baina laburtu egingo dut: zakila ez daukazue bi hanken artean zintzilik, baizik eta goraxeago, eta aurreraka. Hori dela eta, tente egon zaitezkete hanka zabalik egon gabe. Beraz, eserita zaudetenean ere hankak zabal zabalik egon gabe egon zaitezkete. Nik ez daukat hanka zabalik egotearekin arazorik, are gehiago, emakumeak ere hanka zabalduta egotera gonbidatuko nituzke, hori ere ez baitago ongi ikusia. Baina mesedez, beste norbaiten espazioa inbaditzen ari bazara, itxi itzazu! Ez dut uste hankatartekoak hainbeste toki behar duenik.

Beno, ba hori, joan gaitezen perla hauekin konturatzen eta aldatzen.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua