Alaine Agirre: “Konturatuta nago barre eginarazi nahi dudala”

Alaine Agirre (Bermeo, 1990) idazleari elkarrizketa egin diogu, umoreak bere bizitzan duen garrantzia ezagutzeko.

Zure idazteko era gordina dela esaten da, baita samurra ere. Umorea ere erabiltzen duzula esango nuke nik. Zein paper du azken honek zure idazkeran?
Idazten dut pentsatu gabe, intuizioz, eta geroago noa konturatzen zertzuk egiten ditudan idazterakoan. Orain dela ez asko konturatu nintzen badaukadala umoreren bat hortik barrutik, erdi galdurik, inoiz ikusi ez dudana baina nire testuetan, kontakizunaren izkinetan bada ere, agertzen dena. Eta ze ondo datorren batzuetan, ze umoreak arnasa ematen dio irakurleari eta testuari ere bai.

Eta zure eguneroko bizitzan? 
Geroago konturatu nintzen maila pertsonalean ere erabiltzen nuela umorea, nahi gabe. Azken hileotan, umore hori modu kontzienteagoan erabili izan dut, eta arma bat izan da niretzat. Potentea, gainera.

Barre egin edo eginarazi. Zer nahiago? 
Egunero-egunero zotina probokatzen zidan batekin enamoratu nintzen, baina konturatuta nago barre eginarazi nahi dudala. Tentazio ikaragarria daukat gai horrekin azkenaldian.

Nork edo zerk eginarazten dizu barre? 
Boteretik egindako umore merkezuneak ez, desdeluego. Bestela, gauza askok. Adibidez gure barruko isilpekoak zein ahuleziak umorez kontatzea, esan-ezin-direnak edo debekatuta dauzkagunak, nahi duzun moduan esan, baina horiez guztiez berba egitea, baina umorez. Horrek barrea eragiten dit, eta beste gauza asko ere bai. Iraultza galanta da hori.

Zerk galdu arazten dizu umorea? 
Umorea kendu, gauza askok eta askok kentzen didate. Igual nire umorea defenditu beharko nuke, horien guztien kontra. Geure umorea defenditu eta atakerako erabili. Hori egiten da dagoeneko, hasita gaude.

Eta barregarri noiz geratu zara? 
Hamar mila bider. Lehen izua nion horri. Gaur egun barre egin nahi diot barregarri geratzeari. Baina horretarako gauza asko des-ikasi beharko nituzke, eta beste asko ikasi.

Nor miresten duzu bere umoreagatik? 
Beatriz Egizabal. Erradikalak gara-ren ekitaldi batera joan eta aho zabalik geratu nintzen: hau da, hau da gustatzen zaidana, pentsatu nuen. Alboan neukan lagunak ere segituan eman zidan ukondokada bat. Nondik eta zelan egiten duen, zer eragiteko. Miresmena berari diot.

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke? 
Azkenaldian sare sozialetan zabiltzaten batzuek eragiten didazue barrea.

Zein kantak jartzen zaitu umore onez? 
Zaz kantariaren diskoek jartzen naute umore onez, inkluso erdi-dantzan (hau ez esan).

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?
Izarori.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Itxi menua