Zer jaten duzu mendira joaten zarenean?

Hona hemen maiatzaren 16an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

Gaur mendi kontuak izango ditugu hizpide. Izan ere, 1975. urtean gaur bezalako egun batean lehen emakumeak igo zuen Everest mendia (Junko Tabei) eta egun berdinean baina 10 urte beranduago Andres Espinosa mendizale zornotzarra hil zen.

Badakizue ni ez naizela mendizale trebea, beno, ez trebea ezta bestelakoa ere. Baina hemen noizbait esanda dut menditik gehien gustatzen zaidana tontorrean jaten dudan ogitartekoa dela. Eta hain zuzen ere horretaz hitz egingo dugu gaur.

Gaurko galdera: zer da mendian gehien jatea gustatzen zaizuna? Zein da zure espezialitatea?

Lehen postuan, toparen topean eta gailurraren gailurrean jateko: txorizo ogitartekoa. Txorizoaren koipeak ogia bustitzen duenean... ez dago gauza hoberik!
Bigarrengoan, oso hurbiletik: patata tortila ogitartekoan edo fianbreran! Kasu honetan nahiago izaten dut arraultzak gehiegi egin gabe egin, gero oso lehorra ez geratzeko.
Nire zerrendan falta ezin duen beste bat: gazta. Ogi apur batekin lagunduta, aldaparik pikoena ere gainditzeko indarra ematen dizu. Nire lagunak ezinean ikusten nautenean gazta zati bat erakusten didate eta hantxe jaoten naiz lerdea dariola, atzetik.
Energia emateko jakiak gainean ematea gomendagarria izan ohi da: ez naiz barrita energetikoen zale, klasikoagoa naiz horretarako: txokolate tableta, ahal bada urra edo almendraz betetakoa.
Eta horiekin batera fruitu lehorrak: intxaurrak denaren gainetik. Kasu honetan zurituta eramaten ditut, azken aldian kraskagailua eraman eta ia koadrilako bati begia atera nion eta. Mendian, badakizue, guztiaren gainetik, segurtasuna!
Edariari dagokionez, pertsoneko 2 litro ur ematea komenigarria da. Hemen ere gero eta gehiago nabari da edari isotonikoen gorakada. Eta nola ez, tradizionalista batzuk ere zahatoarekin ikusten dira.
Mendiko buelta egon ondoren adituek diote komenigarria dela afari-merienda eder bat egitea, indarrak berreskuratzeko: horretarako karbono hidratoak nagusi: makarroiak zein arroza gomendatzen dituzte. Zer esango dizuet ba, ni menditik buelta egindakoan taberna edo aterpetxean sartu eta salda eder bat gehiago gustatzen zait, txorizo edo kroketez lagunduta bada, askoz hobe!
Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua