Ez ikasteko aitzakiak

Hona hemen ekainaren 6an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.

Entzun saioa (15. minututik aurrera).

Historikoki ekaina azterketa garaia izan da. Dagoeneko milaka euskal ikasle selektibitatea edo baxoa egiten ari dira, begiak eta burmuina erre beharrean. Ederki gogoan dut ikasten egoten nintzenekoa; zenbat aitzakia erabiltzen ote nituen liburuak utzi eta beste zerbait egiteko!

Ze aitzakia erabiltzen zenuen zuk ez ikasteko? Eta zure alaba eta semeek?

“Terditan hasiko naiz ikasten”, edo “bihar goizean, edo bazkaldu ondoren, edo arratsaldean fijo, afaldu ondoren sin falta!  Nik, adibidez, Roland Garros-eko partida bukatu bezain pronto jarriko nintzela esaten nuen. Eta 5 setetara izaten bazen, buenoooo!! Ordutik izugarri gustatzen zait tenisa.

Ezin naiz konzentratu. Burua argitzeko kalera joango naiz buelta txiki bat ematera. Zu bezalako beste pare batekin elkartu eta hurrengo goizean etxean agertu…

Edo orain siesta eta gero topera. Yogi hartzak neguan baino lo sakonagoa egiten duzu eta 4 ordu beranduago non zauden ere ez dakizula esnatzen zara.

Etxean gauza asko daude eta ezin naiz konzentratu. Liburutegira joango naiz. Bertan agertu eta Erromako zirkoan zegoen giroa aurkitu: urduritasuna, negarrak, bizitza arriskuan duzunaren irudipena… Ni egia esan ez naiz izan liburutegian ikastekoa. Presio gehiegi nabaritzen nuen bertan. Eta zuek?

Ikaskide bati deituko diot, zalantza sartu zait eta. Telefonoa hartu eta bi ordu hitz egiten bukatzen duzu, baina ez azterketaz, beste edozein txorakeriaz baizik.

Klasikoetan klasikoena: gela txukundu egingo dut. Nik uste dut munduko nerabe eta gazteek soilik azterketa garaian garbitzen dituztela beraien gelak, ikasten ez jartzeagatik.

Eskerrak ikasle nintze garaian Internet ez zegoenik! Waxapa, sare sozialak, Netflix, GIFak… ez da posible konzentratzea! Gainera, gogoratu pasa den astean aipatu nuela ezin dudala jakinarazpenak irakurri gabe egon, beraz, ziur gaur egun ezin izano nuela karrera bukatu!

Pikatzea. Liburu edo apunteen aurrean ordu laurden baino gutxiago egon eta dagoeneko gosea sartzen zaigu. Hortxe goaz frigorifikora, orain gazta zati bat, gero txorizoa, patata frijituen poltsa, hurrengoan odolki mutur bat… Gutxienez 20 bat buelta ematen ditugu eta noski, etxeko armairu guztiak nabaritzen dute. Hutsik egoten direlako. Baina lasai, garai honetan erosketak egiteko prest egongo dira eta! Ez dakit jakituriaz beteko garen, baina kilo batzuk hartzen dira azterketa garaian!

Bukatzeko autoiruzurra geratzen zaigu: klaseetara joan naizenez, zerbait geratuko zitzaidan…

Eta gainditzen ez duzunean, ba lasai, hortxe egongo da uztaila (lehen iraila esaten zen baina orain hori ere aldatu da.

Edo ezeztapena: azterketak ez dira ikasitakoa neurtzeko modua. Ez naute ordezkatzen.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua