Kepa Sarasola: “Lagunekin edo ezezagunekin sortzen diren zirikatze dialektiko horiek dira niretzako umore-puntu onenak”

Kepa Sarasola Gabiola (Begoña, 1958) informatikaria UPV/EHUko irakaslea, IXA taldeko sortzailea, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidea eta UEUko zuzendaria da. Udako Ikastaroak abiatuko diren honetan elkarrizketa egin diogu, umore ona galdu ez duen ikusteko.

Pertsona umoretsuaren fama daukazu. Zer nolako tartea du umoreak zure bizitzan?

Ogia jatea bezain naturala da niretzat egunero albokoak apur bat zirikatzea eta entzundako hitzei bigarren buelta bilatzea. Txiste asko ez dakit. Unean uneko “txistea” sortzea gustatzen zait, une horretan bururatzen zaidana. Entzun berri dugun horri interpretazio bitxi posible bat iradokitzea da nire jolasa, txarto ulertu izan banu bezala, eta solaskidearen kontra ziri bat bada… hobeto.

Zergatik da oro har unibertsitate mundua hain serioa?

Unibertsitatean serio izan behar da gehienetan. Munduari buruz dakiguna formalki deskribatu behar denean hizkuntza zehatza erabili behar da, ahal dela anbiguotasunik gabe. Serioa, formala da hori. Baina soluzio berriak, proiektu berriak asmatu behar direnean umorea eta giro ona beti dira lagun onak, jakina!

Noizko umoreari buruzko goi mailako ikasketak euskaraz? (Hainbat unibertsitatetan gero eta gehiago lantzen ari den gaia da).

Ez nuen horren berririk. Tira, interesgarria. Ea horri buruz master bat egiten dudan!

Umorea asko behar al da UEUko zuzendaria izateko?

U more asko? UEUko zuzendariak hiru u more ditu! Asko dira. UEUk bi ditu eta zuzendariak beste bat. Aspaldian Bronkalaritza sailean Garesen eta Iruñeko Donibanen egindako ikastaroak oso ondo etorri zaizkit. 3 kredituko baliokidetza lortu nituen horiekin!

Informatika eta umorea uztartu al daitezke?

Dudarik gabe, horregatik egiten ditugu hainbat aplikazio interesgarri. Informatikari ere alde ludikoa bilatzen diogulako. Txispa handiko informatikariak ditugu informatikarien artean. Batzuk aipatzearren: Txelo Ruiz, Begoña Altuna, Olatz Perez de Viñaspre, Julio Abascal, Agus Arruabarrena, Xabier Artola, Bertol Arrieta, Olatz Arbelaitz, Ander Soraluze, Jesus Ibañez…

Barre egin edo eginarazi. Zer nahiago?

Aukeran barre egin. Baina nahi gabe sortzen diren txantxa-une magiko horiek, planifikatu gabe berez sortzen diren une zoragarri horiek… horiek dira… zerua!

Nork edo zerk eginarazten dizu barre?

Inauterietan, aste nagusietan, sanferminetan, abordatze-piratan lagunekin edo ezezagunekin sortzen diren zirikatze dialektiko horiek dira niretzako umore-puntu onenak. Baita egunerokoan ere, pasilloan aurkitzen duzun horrekin ere … txantxa!

Zerk galdu arazten dizu umorea?

Mediterraneoko paterek, torturatuen azalpenek, palestinarrei egin dizkieten sarraskiek, buruko-minak…  Zoritxarrez badira beste hainbat.

Eta barregarri noiz geratu zara?

Nire bulegoko atean kartela manipulatu zutenean. Horrela dio kartelak:

KEPA SARASOLA

eta horrela jarri zuen “Auskalo Nork” orain dela urte batzuk, errotuladore batekin idatzita:

Tutoretzak:
KEPA SARASOLAmente los jueves

Nor miresten duzu bere umoreagatik?

Euskaraz zirikatzen asko ikasi nuen Mirri Antsorenarekin. Beste hauekin ere bai: Kike Amonarriz, Ez dok hiru (Patxo eta Mikel), Wazemankekoak, Porrotx, Zakilixut. Eta nola ez: Groucho, Harpo, Chico, Charlot…

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke?

“Lingua nabajorum” obra osoa, eta bereziki Patxo Telleriak hainbat paragrafo egiten dituenean hitz denak letra berarekin hasita. Wazemank eta Txiskola (ikus daitezke EITB nahieran), altxorra!    Kike Amonarrizen lehen txiste-liburua, aitzindaria. Patxi Putxi Ibargutxi eta beste korapilo batzuk Anjel Lertxundirenak, Patxo telleriaren Bilboko pregoia 2016an. Eta erdaraz: Mafalda, Quino, Bryan’s life, Full Monty, Marx anaiak, Friends, Big bang…

Zein kantak jartzen zaitu umore onez?

Urtxintxak, Maiteak galde egin zautan, Txantxibiri… dantzagarriak diren gehienak. Herri-dantzako polka, fandango eta arin-arina, baina ez serio-serio eta formal, dantza librean eta albokoak zirikatzeko oso baliagarriak direlako (Iñaki Irigoien-engatik ikasi nuen hori)

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?

Begoña Altuna eta Olatz Perez de Viñaspre informatikari-linguistei.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua