Zientzia ere barregarria izan daitekeelako

Hona hemen urriaren 5ean Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioa.

Entzun saioa (17. minututikm aurrera)

Gaur urtero ekartzen dudan gai bat ekarriko dut berriro: zientzia eta umorea uztartu al daitezke? Zalantzarik gabe, bai. Izan ere, urtero Nobel sariak ematen diren bezala, Ig Nobel sariak ere banatu dituzte duela aste pare bat Harvard unibertsitatean, ikerketa xelebreenak saritzeko.

Medikuntza saria Akira Horiuchi mediku japoniarrentzat izan da, norbere buruari kolonoskopia bat egitea erraza eta eraginkorra frogatzeagatik. Eta horretarako noski, bere buruari egin dio. Kolonoskopiak heste lodia eta heste mehearen zati bat zuzenean ikusten du, zunda baten bidez. Ba frogatu du bere buruari egitea bideragarria ez ezik, eraginkorra ere badela. Lurrean buruz gora jarri, belaunak altxa eta ale!

Espainiako ikertzaile talde batek autoan gidatzen goazela garraisi egitearen maiztasuna, motibazioa eta ondorioak aztertu dituzte. Ikerketaren arabera, %66ak ez omen du garrasirik egiten, %7ak asko eta gainontzekoak pixka bat. Zergatik? Araudiak ez betetzeagatik, gauza arriskutsuak egiteagatik edota arriskuan jartzeagatik. Nik aitortu behar dut tarteko taldean nagoela, hau da, batzuetan garrasi egiten dudala, baina batez ere ez didalako denborarik ematen ez tutua jotzeko ez eta argiak emateko ere. Zuek haserretzen zarete?

Medikuntza saria AEBetako ikertzaile batzuentzat izan da, giltzurrunetako harriak mendi errusiarren bidez kanporatzeko erabilera aztertzeagatik. Ikerketa egiten oso ondo pasa dute, izan ere, Disney worlera joan behar izan dute bertako Big Mountain atrakziora igotzera. Eta zer ondorioztatu dute? Giltzurruneko harriak kanporatzeko tokirik onena mendi errusiarraren atzealdean esertzea dela eraginkorrena. Irudikatzen ditut gure medikuak Monte Igeldoko mendi suitzarrerako sarrerak errezetatzen. Eta behin harria botata, erlaxatzeko el ibai misteriotsuan beste buelta bat. Hori bai dela tratamendu bat!

Antropologiako saria zoologiko batean egindako ikerketak irabazi du. Ikertzaileek bertan ikusi dute gizakiok txinpantzeak ikusten ditugunean haiek imitatzen saiatzen garen modu berdinean, txinpantzeek gu ikusten gaituztenean ere berdin imitatzen gaituztela.

Ugalketa saria Oregoneko unibertsitateak eraman du, sexu-inpotentziaz diagnostikatutako pertsonek ea gaueko erekziorik (zakilaren tumeszentziarik) ba ote zuten aztertzeagatik. Eta nola aztertu zuten hori? Ba eskutitzei jartzen zaizkien zigiluak erabiliz. Nola? Ba zigilu errenkada bat zakilaren bueltan estu-estu pegatuz. Horrela, gauean zakil hori puztu egiten bada, zigiluak elkarrengandik urrundu egingo liratekeelako.

James Cole ikertzaile britaniarrak elikadura saria irabazi du hauxe ikertzeagatik: paleolitiko garaiko kanibalismo dieta garai berdineko beste haragi dieta baino baxuagoa zela. Bere esanetan, honek adierazi dezake bere tribuko berdinak jatea ez zegoela elikadurarengatik sustatuta. Alegia, nahiko haragi eskasa dugula.

Biologiako saria ardo kontuek eraman dute. Ardo dastatzaileek soilik usamenagatik ardo kopan euli bat dagoela konturatu daitezkeela aztertzeagatik.

Portugalera joan da Kimikako saria. Zikinkeria garbitzeko giza listua oso eragile eraginkorra dela ikertzeagatik. Batez ere konturatu dira urre koloreko gainazalentzat oso egokia dela. Baina guk hau aspaldidanik genekien, txikitan zenbat aldiz ez ote digu amak aurpegia, ilea eta zauriak listuarekin garbitu! Mukizapia hartu listuarekin busti eta ez zuen gehiago behar!

Literaturako saria. Jendeak produktu konplikatuak erosten dituenean instrukzio liburua ez duela irakurtzen aztertu dute. Gero eta zailagoa erabilera, orduan eta kasu gutxiago liburuari. Hemen aitortu behar dut nik horrela egiten dudala. Botoi guztiei eman eta gero zerbait ez baldin badabil, lehendabizi itzali eta piztu. Hori da lehen pausoa. Ez badabil, ba kuadrilan denok daukagun pertsona horri deitu eta ez badu asmatzen, orduan azkenean teknikoari deitu eta kitto. Esan dizuet ez naizela abrefazila irekitzeko gai, zer espero duzue gauza zailago batetaz!

Ekonomiako saria AEB eta Kanadako ikertzaile taldeak eraman du. Nagusi esplotatzaileen kontra budu panpinak sastakatzea aztertzeagatik. Eta ondorioak oso argigarriak dira: nagusia ordezkatzen duen panpinari labana sartzen diotenean,  bidegabekeria sentipena txikiagotu egiten da. Beno, beno, beno, badaukagu dagoeneko gabon hauetako opari izarra: budu panpinak zure nagusiak bezala kustomizatzeko eta labana oparitu egite dizute!

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua