Txikitako opari kuttunak

Hona hemen abenduaren 21ean Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioa.

Entzun saioa (27. minututik aurrera)

Gabonak eta opariak elkarrekin doaz, gustatu edo ez. Dagoeneko Olentzero galtza bete lan arituko da astelehen gauerako dena prest uzten. Izan ere, zer nolako gauza ederra den ilusioa edukitzea, ezta? Gogoan al duzu gau magiko hori? Txikitan nola bizitzen zenuen? Nire haurtzaroko oroitzapenak ekarri ditut hona, ilusioa piztu zidaten oparien zerrenda honekin.

Tragabolas. Nire opari gogokoenetakoa. Hipopotamoak, Zirrara eta inoiz pilik gabeko jostailu batek egin duen soinu handiena! Bihotz taupadak 200era jartzen zizkizun!

Enredos. Nik uste dut nire garaiko ia guztiok etxean bagenuela. Ilusio guztiarekin erruletari ematen genion eta esku eta hankak koloretako borobil haietan jarri behar genituen. Hori da gorputz-atalen anabasa!

Magia Borras. Hau bihotzean sartuta izan dudan arantza da. Nire anaiari ekarri zioten erregeek eta inbidiaz ibiltzen nintzen haren atzetik. Bere barita, pokerreko kartak… Hori gainditzeko orain bi untxirekin bizi naiz, baina ez daukate batere intentziorik kopa kapelan sartzeko.

Scalextrixa. Nire inguruko mutil guztien ametsa izan dela esango nuke.   Jostailu- dendetan hor ikusten dira aitak scalextrixaren apalaren aurrean, lerdea dariola. Ziur nago batek baino gehiagori malkoak aterako zitzaizkiola Olentzerok hori ekarriko baliete.

Juegos reunidos Geyper. Bueno-bueno! Hau ere ia etxe guztietan iristen zen gabonetan. Denetara jolastu zenezakeen: damak, xakea, erruleta, sagu batzuen jokoa ere bazegoen, 3 en raya, … baina ia beti oka eta partxisera ibiltzen ginen. Ba jakin Geyper enpresa Valentziarra izan zela, 1945ean sortu eta 1986an kiebrara joan zena. Eta nola ez gogoratu Geyperman haietaz!!

Panpina. Nire ametsa zen Rosaura panpina erraldoia, 1×1 eskalakoa. Horrelaxe eskatu nion Olentzerori, baina haren ordez Rosauraren erdia zen Sofia ekarri zidaten. Izugarrizko desengainua izan nuen eta Inoiz ez nion kasu handiegirik egin. Garaiko beste panpina mainstream-ak: Nancy/Barbie/Barriguitas/Nenuco

Eraikuntzako jostailuak beti izaten dute arrakasta. Anai arreboi gogoratzen dut Tente oparitu zigutela, eta eraikin izugarriak egiten genituen. Gero Lego etorri zen. Eta zer esan Exin castilloaz! Oraindik atzo gaztelua egin banu bezala gogoratzen dut.

Rubikeko kuboa. Hau ere etxe guztietan oparitzen zen. Nire inguruko batzuk ere segituan hartu zioten eskua eta sei aldeak di-da batean egiten zituzten. Eta nik… bat egin, bigarrena egitera joan eta lehenengoa apurtzen nuen. Eta azkenean zer? Ba azkenean pegatinak aldatzen nizkion eta lixto!

Nor da Nor. Beste klasiko bat. Zalantzarik gabe, joko honetan gehien gustatzen zitzaiguna galdera egin eta fitxak jaistea zen, egiten zuten soinu esanguratsu harrekin. Bibotea dauka? Txapelik badu? Ilegorria da? Alfred? Herman? Susan?

Ume ia guztiok nahi genuen beste opari bat zen Cinexin.  Exin castilloseko enpresa bera. 1971. urtean atera zuen lehenbiziko aldiz. 8mm formatuan proiektatzen zuen. Hasierakoetan biradera bat zeukan, nahi zenuenean aurrera eta atzera egiteko. Popeye, Pantera arrosa, … Niri ez zitzaidan iritsi.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua