Beatriz Egizabal: “Niri clownak porrotarekin dudan erlazioa aldatu dit eta barregarri geratzerakoan etekina ateratzeko tresnak eman dizkit”

Beatriz Egizabal Ollokiegi (Lasarte-Oria, 1971) ipuin-kontalari eta umoregileak feminismotik barre eginarazten du, eguneratzeko beharra duten estereotipoak aldatzeko nahiarekin. Azken hilabeteetan burubelarri dabil LANKUk ekoiztutako “Ttak” eta “erradikalak gara” ikuskizunekin.

Nondik datorkizu umorearekiko zaletasuna?

Ba ez dakit. Beharbada hiru anaien artean hazteak biziraupenerako baliabideak izatea eskatzen zuelako, eta nire kasuan umorea izan zen, hizkuntzarekin oso lotuta. Izan ere, anaia zaharrenarekin eztabaidatzeko hizkuntza ironikoa garatu behar izan nuen.

Zer nolako garrantzia du barreak zuretzat?

Barrea gustuko dut. Malkoak eragiten dizkidaten barreak zoragarriak iruditzen zaizkit. Baina hau tarteka gertatzen zait, ez nik nahi bezainbeste. Baina umorea, hori bai behar dudala; egunero ez bada, ia egunero. Oso garrantzitsua da umorea niretzat. Arazoei umorea ezin badiet atera, alertan jartzen naiz.

Noiz erabaki zenuen ipuin-kontalari/clown/artista izatea?

Askotan erabakiek ni aukeratzen naute. Eta hau nolabait ere hala izan zen. Nik laborategi batean egiten nuen lan eta egunero fitxatzeak hutsune existentzial bat sortarazten zidan. Astelehenetan fitxatzean oraindik 40 ordu geratzen zitzaizkidala ikusten nuen, kafea hartzera joan eta 39 ordu… “eta horrela noiz arte?”, pentsatzen nuen . Garai berdinean Oihulari klown-eko Maite eta Rai-rekin ipuin ikastaro bat egin nuen eta egun batean liburutegi batera joan behar zuen kontalariak ezin zuen joan eta Rakel Imazek joatea proposatu zidan. Berak ezagutzen ninduen eta bere konfiantzak animatu ninduen pausoa ematen. 1998.urtea zen. Ordutik ipuin saioak, clown ikastaroak eta Oihulari Klownen hasi nintzen lanean, eta hori izan zen nire unibertsitatea.

Haurrekin urte luzez lanean aritua zara eta azken urtetan helduentzako bakarrizketak ere egiten ari zara. Zein da bien arteko aldea? Zein duzu gustukoen?

Nire bide artistikoa gehienbat umeei zuzendua egin dut ipuin saio ilustratuen bitartez. Horri esker mantendu nahiz hainbeste urte “oholtza” gainean. Beti zirkuitu periferikoetan, liburutegi, eskola, ludotekak eta oso gustoko ditut umeentzako ipuin saioak. Helduentzako ere ipuinak kontatu izan ditut, baina eskaintza oso txikia da. Niretzako haur saio eta heldu saioen arteko desberdintasuna fokuan datza: haur saioetan protagonistak beraiek dira, publikoak beti du eragina eta saioaren faktore garrantzitsua da, baina haurren kasuan hau oso nabarmena da, parte-hartzaile aktiboak izaten baitira. Helduen kasuan publikoaren presentzia sotilagoa da; garrantzitsua baina ez da hain nabarmena, eta fokua oholtzan dagenak dauka, helduak ez dira partehartzaile hain aktiboak. Eta gustukoen zein dudan… ez da erraza esaten, oraintxe bertan helduentzako hainbeste saio egitea nobedadea denez, asko ari naiz disfrutatzen.

Askok diote emakumeok ez dugula umorerik…

Ba erratuta daude. Nik barre gehien emakumeekin egiten dut. Eta askoz emakume umoretsu eta graziosa gehiago ezagutzen ditut gizonezko baino.

Zergatik da garrantzitsua umorea feminismoarentzat?

Umorea edozein arlotan garrantzitsua delako. Eta feminismoarentzat borroka tresna oso baliagarria delako. Umorearen bidez gauza asko salatu daitezke, azaleratu daitezke, eta gainera barre egiteak emozionalki egoera baikor eta ahaldundu batean jartzen gaitu eta hori behar du feminismoak, hausnarketa eta borrokarako grina. Eta hau asko aipatzen da baina agian errepikatu behar da: umorea pribilegio eskalan, behetik gorakoa.

Barre egin edo eginarazi, zer nahiago duzu?

Nire lana dela eta gehiagotan barre eginarazten dut. Lehen aipatu dudan  bezala, negar egin arte barre egitea oso gustukoa dut, baina hau ez da egunero gertatzen, beno,  ezta hilabetero ere. Barre eginaraztea niretzako txute bat da, asko disfrutatzen dut. Bat aukeratu behar badut barre eginaraztea hautatzen dut, horrek nire endorfinak ere aktibatzen dituelako.

Nork edo zerk eginarazten dizu barre?

Honen inguruan ere hausnarketa eginda izan beharko nuke, baina ez da horrela. Beraz hausnarketa sakon baten ondorio ez den erantzuna izango da hau…  
Egunerokoan tarteka etxeko umeek (nahiko nukeena baino gutxiago), diskurtso urratzaileek, feminismo erradikalak daukan umoreak, umore absurdoak, hitz jolasek eta errima tontoek, estropezuek… Egunerokoan inguruan ditut nire umoregile faboritoak.

Zerk galdu arazten dizu umorea?

Ba askotan etxeko eguneroko tontakeriek, hau da, umeek. Niri umore zapaltzaileak ez dit grazia egiten (egiten den umoretik zati handi bat), ezta ere injustiziak, krudeltasunak, handikeriak (beno, hau batzuetan komikoa izan daiteke) eta goseak. Goseak umorea kentzen dit.

Eta barregarri noiz geratu zara?

Askotan, hau ere nahiko subjektiboa delako. Batzuetan jendea zuri begira eta zuk egiten dituzun gauzetan arreta jartzen ari dela iruditzen zaigu eta ez da horrela, eta horregatik batzuetan barregarri geratu zarela pentsa dezakezu eta inor ez da ezertaz konturatu. Hala ere niri horretan clownak izugarri lagundu dit. Niri clownak porrotarekin dudan erlazioa aldatu dit eta barregarri geratzerakoan etekina ateratzeko tresnak eman dizkit.

Nor miresten duzu bere umoreagatik?

Lehen ere aipatu dut, nire inguruko lagunen artean daude gehien miresten ditudan umoregileak. Badira hizkuntzarekin, diskurtsoan umorea erabiltzen dutenak eta badira gorputzarekin umorea egiten dutenak (kontuan hartuta diskurtsoak gorputza daukala eta gorputzak diskurtsoa).

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke?

Ba ez dakit zein liburu, pelikula gomendatu. Suposatzen da kalitatezko zerbait eta umore inteligentea –behetik gorako umorea edo pareko umorea deritzon hori– aipatu beharko nukeela, baina ez zait horrelako ezer burura etortzen. Kontuan izan behar da nire umore gustuetan bi epe daudela: kontzientzia feminista izan aurrekoa eta ondorengoa. Eta oraintxe bururatzen zaizkit kontzientzia feminista izan aurreko zenbait adibide, baina ez ditut aipatuko (karkarkar!).

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?

Kattalin Minerri edo Nagore Iturriozi.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua