Kirol arraroenak

Hona hemen urtarrilaren 18an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioa.

Entzun saioa

Duela aste batzuk arreta eman zidan albiste batek: Hondarribian egin ziren espainiar estatuko 54. zen uso mezularien jardunaldiak. Banderak alde batetara utzita, arreta eman zidana zera izan zen: bertan, Polonian  ospatuko den usoen olinpiadetarako uso selekzioa aukeratu behar zuten. Ez al da zoragarria albistea? Ez al dituzue nik bezala uso horiek beroketa ariketak egiten, buruan zinta jantzita bertan parte hartzeko? Ba, orduan jakin nuen kolonbofilia kirol bat dela; harrapazank!

Ba kontuan izanda urte hasiera honetan askok pasa den astean aipatu genuen bezala, kirola egiten hasi zaretela urteko asmo ona betetzeko, uso olinpiada hauek bezain kirol arraroei buruz hitz egitera etorri naiz gaur. Izan ere, beharbada gure entzuleek berrikuntza landu nahi dute alor honetan. Hau da, alde batetara utzi nahi dituzte korrika egitea, futbola eta igeriketa bezalako kirol maistreamingak eta zerbait berezia egiten hasi nahi dute. Lasai! Horretarako dago eta tarte hau: zuei bizipoza emateko, bai horixe!

Zerrendarekin hasi baino lehen utzidazue gauza bat esaten. Eta hauxe da: Euskal Herrian kirol arraro mordoa daukagu: herri kirolak deitzen zaie. Edo zer uste duzu, kanpotar bat gurera etortzen denean eta  harri-jasotzen, aizkoran, segan, txingetan edo lokotx-bilketan ikusten gaituztenean ez direla aho bete hortz geratzen?

Bide batez, nola deitzen diozue zuen herrian lokotx-bilketari? Txokor-batzie, koskol-batzia, koxkol-apustua, mokor-batzea, txoropil-bilketa,…

Beno, hori hor utzita, has gaitezen kirol arraroak aipatzen:

The Cooper’s Hill Cheese Rolling – Cooper muinaren gazta birakariaren jaialdia

Gero guregatik esango dute, baina ingeles hauek ez daude ere burutik oso sano. Maiatzeko azken astelehenean ospatzen da. 1836. urtetik dokumentatuta dago. Eta honetan datza: lau kilo inguruko gazta bat botatzen dute muinoaren gainaldetik eta kirolariek gazta harrapatu behar dute eta helmugara iritsi. Nola? Ahal den bezala eta inoiz baino hobe esanda, gaztako ederrak hartuta!

Eukonkanto

Europa iparraldean, Finlandian. Gizonek gainean emakume bat dutela (tradizionalki emaztea) korri egiten dute eta trabaz betetako pista bat egin behar dute ahalik eta denbora gutxienean. Emakumeak bi eratara jarri daitezke: sorbaldaren gainean edo buruz behera.

Fierljeppen

Herbeheeretan egiten kirola da. Makil luze bat (8 -13 metrotakoa) eta ur putzu edo kanala behar da jokatzeko. Eta pertikako jauzian bezala, urrutien salto egiten duenak irabazten du, putzua pasata, noski. Garai batean kanalak pasatzeko zubirik ez zegoenez, makil hauekin salto egiten zuten. Ba gure herri kirolak bezala, aizue. 1957. urtean arautu zuten formalki eta 21 metrotan dago errekorra.

Kabaddi

Kirol honek jatorri hindua du (dua du!) eta oso konplexua da, Asian jokatzen da. Bi taldek jokatzen dute eta helburua besteen gunean tanto egitea da eta gune horretatik besteek zu  lurrera bota gabe ateratzea. Xelebreena da beste taldearen gunera sartzen bazara arnasari eutsi egin behar diozula edo bestela KABADDI garrasi eginez egin behar duzula . Edo arnasa gabe geratzen zara, eta ez da oso komenigarria, edo bestela lurrera botatzen zaituzte zartako ederra hartuz. Ez dakit ba…

Chess Boxing

Boxeoa eta xakea konbinatzen dituen kirola da. Burmuinak eta muturekoek bat egiten duten diziplina. Ze konpletoa! Enki Bilal zinegil frantsesak komiki baterako asmatu zuen eta 2003. urtean praktikara eraman zuten. 11 roundek osatzen dute (xakea 6 eta boxeoa 5).

Buzkashi

Afganistan eta Turkmenistanen jokatzen da. Bi talde zaldi gainean, poloan bezala, baina egunak iraun ditzake partidak eta pilota bat erabili beharrean, ardi-buru bat erabiltzen dute.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua