Alferrikan ditugun gorputzeko zatiak

Hona hemen urtarrilaren 25ean Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioa.

Entzun saioa

Une honetan Marie Kondo ordenaren gurua pil-pilean dago. Etxea nola txukun edukitzeko aholkuak ematen ditu. Eta zein da garrantzitsuena? Behar edo erabiltzen ez duzuna botatzea. Edo soberan duzuna. Ba gai horren hari-muturrari heldu eta soberan ditugun gauzez hitz egitera nator gaur. Zehazki, gure gorputzean soberan ditugun gauzez. Izan ere, eboluzioak gure gorputz zati batzuk funtziorik ez izatea ekarri du.

Gizonezkoen titiburuak. Zein da hauen funtzio zehatza? Batzuk esango duzue sexu kontuetan badutela bere papera, edo piercingak jartzeko beste toki bat dela. Ba jakin ezazue zergatik dituzuen: amaren umetokian garatzen hasten garenean denok emakumezkoak gara (ala, toma). Badakit batzuk une honetan shock egoeran egongo zaretela, baina horrela da. Denok sortzen gara eme Y kromosoma iristen den arte. Kromosoma hau etorri eta genital maskulinoak sortzen hasten zaizkizue! Baina aurretik… Begiratu zuen titiburuei: noizbait emakume izan zineten souvenirrak dira eta. Karim Boumjimar artista bosniarrak hau frogatzeko titiburuak kendu zituen duela hiru bat urte eta salgai jarri!

Kokzix, uzkorno, ipurtrangaka ipurdi-hezurrari nola deitzen diozue? Orain dela milaka urte oreka mantentzen laguntzeko isats antzeko bat genuen, denborarekin galdu egin genuena.

Belarriak mugitzen dituzten muskuluak. Denok daukagu inguruan belarriak mugitzen dituen norbait eta bere abilezia hau erakusteko edozein aitzakia aprobetxatzen du, edo alderantziz, familia edo kuadrila bazkaritan mugitzeko eskatzen diegu. Ba entretenimendu hori emateko ez  bada, ez daukate inolako funtziorik. Animalia gehienetan badute zentzua, beraien biziraupena alerta egoera horren baitan dagoelako. Zer esango dizuet nik, etxean bi untxi ditut eta (hori bai, belarriak beherantz dituztenak). Gure kasuan, ez dute hobeto entzuteko balio ere.

Azkenaginak edo zuhurraginak. Juizioko haginak. Ehizatu berriak ziren animaliak karraskatu eta erauzteko oso aproposak ziren, baina gaur egun jaten dugun janariek ez dira beharrezkoak. Baina bai peladillak jateko! Ez dakigu noiz aterako diren eta normalean buruko min ederra ematen digute. Oso jende gutxik omen du hagin hauen joko osoa.

Apendizea. Landare-material batzuen digestioa egiteko erabiltzen omen genuen garai batean, baina gaur egun ez omen du inolako funtziorik. Hor dagoela konturatzen gara apendizitiseko minak hasten zaizkigunean. Orduan bai sentitzen dugu hor dagoela!

Oilo ipurdia. Garai batean arrisku egoeran gure tamaina handiagoa egiteko funtzioa zuen. Katuek egiten duten antzera. Baita ere bero kolpe bat emateko ere. Gaur egun hotz daukagunean (airea poltsa bat sortzen delako) edo emozio indartsu bat sentitzean sortzen da.

Behatz txikia. Badirudi gero eta txikiagoa dela eta horrela jarraituz gero, desagertzeko aukera handiak dituela. Zertarako balio duen? Ba batez ere oinutsik gauaren erdian ura edan edo pixa egitera joatean garenean, armairuaren kontra jo eta izugarrizko mina emateko. Behatz potoloa berriz, oso garrantzitsua da oreka mantentzeko.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua