Nola aldatu den musika entzuteko modua!

Hona hemen otsailaren 8an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioa.

Entzun saioa (17. minututik aurrera)

Musikak espiritua altxatzen du. Baina nola aldatu diren gauzak, ezta? Nola aldatu den musika entzuteko modua!

Telebistaren aurretik etxe ia guztietan IRRATIA zegoen. Normalean sukaldean eta aitak eta amak erabakitzen zuten zer sintonizatzen zen eta kito. Orain gogoan dut 40 bat urte egin zituen gure aparailu hura, sukaldeko fritangaren olio kapa batez babestuta zegoena, eta trikitixa datorkit burura. Gaur egun oraindik ere irratiak indar handia du (nola ez), ez dut uste “video kills the radio star” gertatu denik.

DISKO-JOGAILUA edo tokadiskoa. Biniloa bueltan omen dago, baina esango nuke melomanoak direnak bueltatu direla barez ere. Egia da, biniloak baduela halako elegantzi bat, gainazal beltz hori ez urratzeko beldurrez beti, hautsa garbitzen. Eta orratza gainean jartzeak sortarazten zuen plazera eta nola ez, soinu “zikin” hori. Zer esanik ez urratzen zenean eta behin eta berriro zati berdina abesten zuenean. Eta amaitzean hor bueltaka geratzea. Ni beti izan naiz eklektiko xamarra musika kontuetan (zerbait esateagatik) eta hortxe ditut aldamenean Negu Gorriaken diskak, Eskorbuto eta aldamenean New Kids on the block edo Mikel Laboa.

IRRATI-KASETA. Nire gazte garaiko izarra izan zen, zalantzarik gabe. Hasieran kaseta entzuteko balio zuen eta argi, nobedade handiena: eramangarria zela! Baina hemen benetan flipatu genuen bi kaseten irrati-kaseta azaldu zenean: batetik bestera grabatzea zegoen! Eta hor, 90. hamarkadan arte berezi bat sortu zen: musika bildumen mixa! Kanta bat hemendik, beste bat handik eta izugarrizko arte-lana egiten genituen. Eta ez hori bakarrik! Gero kasetaren azala txukun-txukun eta irudiekin apaintzen genuen. Gainera abilezia handia behar zen kasetaren aldearen denbora bukatzeko, eta hor geratzen ziren kanta asko amaitu gabe, ebakita, tarterik ez zegoelako.

Eta noski, kanta bat berriro entzun behar bazenuen Fastfowrad edo Rewind botoiei, eta gutxi gora behera asmatu behar zenuen nondik zegoen kantua. Eta zenbat aldiz errebobinatu genituen kaset horiek boligrafoarekin! Artisauak ginen!

Eta hortik etorri zen beste aurrerakuntza ikaragarria: WALKMANA! Kaseten entzungailu eramangarria! Gerrian jartzeko moduan, edo poltsan sartuta eta esponja babesgarriak zituzten aurikular haiekin, oker ez banago gaur egun ere berriro ikusten ditugunak, hipster edo vintage etiketapean. Hura zen moloitasuna!

90. hamarkadarekin iraultza etorri zen: CDa. Hura zen guretzat grial santua: kalitate handiagoa (garbiagoa), tamainaz ere eramangarriagoa, eta kanta batetik bestera soilik botoi bati emanez pasa gintezkeen: magia! Honek eduki zuen bere ahizpa txikia: CD entzungailu eramangarria. Baina ez du inoiz walkmanak izandako arrakasta izan.

MP3a. Orain USB bat baino handiagoa ez den aparailu txiki horretan ez dakit zenbat kanta sartu ditzakezu. Beste iraultza ikaragarri bat ekarri du musikan, artxiboak direlako musika unitate berria. Alde batetik aipatutakoa, izugarrizko kanta pila sartu ditzakezulako. Baina azken iraultza honek musika entzuteko modua guztiz aldatu du: lehen diska, kasete (mix albumetan ezik) edo CD osoa entzuten genuen, eta orain berriz gustuko dugun kantak aukeratzen ditugu.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua