Aitziber Garmendia: “Umorea egiteak ausardia eskatzen du, erortzeko beldurrik ez izatea, itsusi edo desatsegin azaltzeko prest izatea, eta erridikuluaren zama galtzea”

Argazkia: Mikel Martinez

Aitziber Garmendia Mendizabal (Zaldibia, 1982) aktorearen ibilbidean umoreak toki nabarmena du. Une honetan, besteak beste, RITA, ERLAUNTZA eta MOKOZORROTZA antzezlanetan dabil, eta baita telebistako GURE KASA programan ere.

Nondik datorkizu umorearekiko zaletasuna?

Txikitatik. Umetako argazki gutxi dut «normal» azaltzen naizenik… kamera bat ikusi orduko imintzio xelebreenak egiteko aprobetxatzen nuen… Ama batzuetan barrez eta beste batzuetan errietan. Pazientzia galanta! Haurra nintzela amari esan omen nion handitan gizonezkoa eta lodia izan nahi nuela, Txiribiton bezala. Pentsa noiztik datorkigun umorea egitearen eta emakumezko izatearen talka, gizonezko izate hutsa graziosoagoa iruditzen zitzaidan nonbait… Geroxeago erreferentea aldatu nuen eta Lina Morgan aukera ona iruditu zitzaidan, Elena Irureta deskubritu nuen arte.

Zer nolako garrantzia du barreak zuretzat?

Dena. Arnasa hartzearen parekoa da niretzat, beharrezkoa eta naturala.

Eta aktore batentzat?

Hori aktore bakoitzaren arabera izango da, baina nire kasuan pertsonalki duen garrantzia bera du ere profesionalik, gehien bat barrea eragin behar dudanetan.

Zer nahiago duzu antzeztea, komedia edo tragedia?

Biak ikaragarri gogoko ditut, baina normalean komedia errazago ateratzen zait, barne-barnean dudan zerbait da komediarako sena.

Gure Kasa programan Zuriñe zara. Aurretik ere «normalean» emakumeek egiten ez dituzten pertsonaia «ganberroak», arloteak, lotsagabeak egin izan dituzu. Mugak hausten saiatzen zara?

Beti. Emakumeok komedian dugun lekua gizartean dugun lekuaren isla garbi bat dela iruditzen zait. Beti egon behar dugu formal, irribarretsu, txukun, polit, adeitsu, eta gizonezkoen zerbitzura, umorearen kasuan gizonezkoei «txisteak zerbitzatzen«, beraiek luzitu daitezen. Nazka ematen didate jarrera horiek, betidanik gorroto izan ditut. Ez nago hemen inori ezer zerbitzatzeko, ez dut bide guzti hau egin itzalean gelditu eta irribarre egiteko, pentsatuaz «Tira, horrela da, gizonezkoek beti izango dute beste maila bat komedian eta umorean» , ba ez, ez nago ados. Ez gara inoren musak, etereoak eta hauskorrak, utz diezaiogun beraz hala sentitzeari. Artistak gara, inspirazio propioa daukagu eta sortzeko gaitasun ikaragarria.

Askok diote emakumeok ez dugula umorerik…

Eta beste askok ilehoriak tuntunak garela, ez daukat alua txorakerietarako!

Zergatik da garrantzitsua umorea emakumeontzat?

Geure lekua aldarrikatzeko arma garrantzitsu bat delako. Umorea egiteak ausardia eskatzen du, erortzeko beldurrik ez izatea, itsusi edo desatsegin azaltzeko prest izatea, eta erridikuluaren zama galtzea. Umorea ulertzeak berriz gauza bakarra eskatzen du, begira dagoenaren inteligentzia.

Barre egin edo eginarazi, zer nahiago duzu?

Ez dut bata ulertzen bestea gabe. Baina aitortu beharrean nago: barre egin araztea nire drogarik potenteena da.

Nork edo zerk eginarazten dizu barre?

Egoera serioetan, barrerik egin ezin denean gertatutako edozer txorakeriak. Umetan askotan pasilloan zigortuta egoten nintzen, %40a gehiegi hitz egiteagatik eta %60a gelan barrez hasi eta ezin ekiditeagatik.

Zerk galdu arazten dizu umorea?

Umorea ulertzen ez duen jendeak, sare sozialetan ezkutatzen diren koldar anonimoen erasoek.

Eta barregarri noiz geratu zara?

Assssssssskotan!! Behin Madrilgo casting batean, izen-abizenen ondoren galdetu zidaten «De dónde eres?«. Nik: «de Zaldibia«. Beraiek, «y cómo te mueves?«, Nik: «con mucho salero«, Eta beraiek: «quiero decir si tienes coche propio o…». Memento horretan hil egin nahi nuen, 10 minutu beranduago ez. Disgustuek eta lotsak ez didate asko irauten!

Nor miresten duzu bere umoreagatik?

Telmo Irureta. Aktore ikaragarria da, biok umore oso hantzekoa dugu, beltza, azidoa eta zorrotza. Bere umoreak maitemindu ninduen hasieratik, eta gaur egun nire Dancing Queen da, ikaragarri miresten eta maite dut.

Umorezko zein pelikula/liburu/web gune/ telesail gomendatuko zeniguke?

Antzezlan bat gomendatuo dizuet, umorea eta emakumeak bete-betean uztartzen dituena, Erlauntza. Badakit ez dela oso elegantea nire lan bat aukeratzea, baina esan berri dut, ez nintzen mundu honetara elegante eta politikoki zuzena izateko etorri. Joan ikustera mesedez!

Nori gustatuko litzaizuke elkarrizketa hau egitea?

Nerea Arriola aktoreari. Emakumea eta umoregilea, nire aldarrikapenekin bat egiten duen ahots indartsu bat.

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua