Aitortu: musika hau gustatzen zitzaizun!

Hona hemen otsailaren 22an Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioa.

Entzun saioa (16. minututik aurrera)

Denok dugu talde/disko/kasete bat… nola esan… ba publikoki gustatzen zaizula aitortzea lotsa ematen diguna. Twitteren duela egun batzuk bota nuen galdera eta erantzun pilo bat jaso ditut: mila esker guilty pleasure-en playlist hau osatzen laguntzeagatik!

Pasa den astean nik dagoeneko aurpegia eman nuen eta New Kids on the Block talderen fan amorratua izan nintzela esan nizuen. Lotsagarria? Agian. Damutzen naiz? Batzuetan!

Lotsatzen nauena benetan beste hau da. Nik erosi nuen Glenn Medeiros abeslariaren diskoa, eta ia diskoa apurtu nuen bere single famatu “bakarra” (?) behin eta berriro jarriz. Bai andre eta jaunak, “Nothings gonna change my love for you” kanta melengaz ari naiz. Gogoratu dezagun: GLEN MEDEIROS

Badakizue Saldiasen fan totala naizela. Bai, badakit zuetako batzuk EGAN ez zaizuela gustatzen esan behar izan duzuela, baina zuen etxeko babesean Xabierren “olerari” guztiak bihotzez abesten zenituztela. OLERARIA ez dago batere ondo ikusia; atera dezagun MUSIKA TIROLESA armairutik!

Bakarlari melengak oso modan zeuden 90. hamarkadan. Jaso ditudan erantzunen artean behin baino gehiagotan agertzen da Alejandro Sanz, adibidez. Baina abeslari italiarrek arrakasta izugarria eduki zuten zuten: LAURA PAUSINI eta EROS RAMAZZOTTI! Burmuinean iltzatuta ditugu honelako kantak. SE FUE

Hurrengoa ere gustatzen zaizula esatea ia ezinezkoa da zure irudia galdu gabe. Urte askotan hegoaldeko euskaldunok uda partean dantzatu ditugu bere kantak. Burla itxurak eginez, baina izugarrizko bizipozarekin. GEORGIE DANetaz ari naiz, bai horixe! LA BARBACOA.

80 eta 90 hamarkadetan hazi ginen euskaldunok oraindik Euskal Rock Erradikala delakoaren grabitatepean geunden. Musika gogorrak molatzen zuen eta beraz, batez ere mutilek, ezin zuten inolaz ere esan (ez dakit gaur egun) GREASE bezalako pelikulak eta bertako musika gustuko zutenik. Baina mundiala da!

Twiterreko erantzunetan agertu den beste bat eta aipatu nahiko nukeena, berrogeitaka urte ditugunon hegoaldeko euskaldunon artean parrandan izugarrizko arrakasta duena: TINO CASAL.

Gure gizartean gaztigatutako beste musika mota bat zelta izan da. Lehen aipatutako arrazoi berdintsuak medio, oso zaila izan zitzaigun askori ENYA gustatzen zitzaigula adieraztea. Horregatik, zerrenda honetan toki bat merezi du. ZELTA

Eta goian bukatzeko, zure lagun melomanoen aurrean sekulan aitortuko ez zenukeen kanta horietako bat: LOCOMIA!

Jarraitu eta partekatu:

Deja un comentario

Itxi menua